Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak euskarari lotutako hitzaldiak antolatu ditu urrian, Euskaldunon Eskola udazkenean izeneko egitasmoaren barruan. Urriaren 4an izan zen lehen saioa, eta euskara mundu eta teknologia berrietara egokitzeko zailtasunak, beharra eta gakoak izan zituen hizpide Pilar Kaltzadak. Martxelo Otamendi kazetariak gidatuko du egitasmoko bigarren saioa, Noiz arte diagnostikoak egiten? izenekoa. Irene Elortza arduratuko da aurkezle lanak egiteaz. Hitzaldia Elkarguneko Oteiza aretoan izango da, bihar, asteartea, 18:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da 675 85 71 11 telefonora whatsapp mezua bidalita edo maxixatzen@maxixatzen.eus posta elektronikora idatzita. Plazak mugatuak izango dira eta bazkideek lehentasuna izango dute.
Jon Sarasua irakasle eta pentsalariak eta Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna antropologoek osatuko dute Euskaldunon Eskola udazkenean egitasmoa. Sarasuak Euskararen etorkizun-ikuspegiaz izeneko saioa eskainiko du hilaren 18an, eta Gazteak eta hizkuntz-ondoeza. Azalberritzearen erronka izeneko saioa eskainiko dute, berriz, Hernandez eta Altuna antropologoek urriaren 25ean. Aurreko bi saioak bezalaxe, Elkarguneko Oteiza aretoan izango dira, 18:00etan, eta aurrez izena eman beharko da.