Gimnastika erritmikoak hartu zuen joan zen larunbatean Elkargunea, Oinarrizko Euskal Kopa eta Gipuzkoako Txapelketa jokatu baitzituzten goizez zein arratsaldez.
Goizean, 21 taldeko 62 gimnasta lehiatu ziren Oinarrizko Euskal Kopan, mazoekin zein pilotarekin, eta honako hauek izan ziren garaileak, mailaz maila: alebinetan, Oskitxo taldeko Ane Devillalonga nagusitu zen; infantiletan, Bitxiak taldeko Laga Imaz; kadeteetan, Olarazmendiko Olaia Onandia; eta jubeniletan, Angela Beamonte, Sakonetako taldekoa.
Arratsaldean, bestalde, taldekako Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Donostiak, Belabietak, Tolosak, Ipuruak eta Izar-lekuk. Oinarrizko infantiletan, Tolosa P taldeak irabazi zuen; oinarrizko kadeteetan, Izar Lekuk; infantiletan, Donostiak; juniorretan zein oinarrizko jubeniletan, Tolosak; seniorretan, Ipuruak, eta lehen mailan, Donostiak. Guztira, 68 gimnastek parte hartu zuten.