Asteburu makurra, Anaitasunako talde nagusientzat

Iraia Oteiza

Anaitasunaren eta Beasainen arteko partida larunbatean, Txerloian. (Anaitasuna FT)

Gizonezkoen taldeak 0-1 galdu zuen atzo, larunbata, Txerloian, Beasainen aurka; emakumezkoen taldeak, berriz, Alaves taldearen aurka neurtu ditu indarrak gaur, baina ez du punturik lortu, 6-1 amaitu baitute partida.

Punturik eskuratu gabe igaro dute asteburua Anaitasuna futbol taldeko lehen taldeetako neska-mutilek, biek ala biek galdu egin baitituzte ligako norgehiagokak.

Gizonezkoei dagokienez, Hirugarren Mailan den Anaitasunako taldeak Beasainen aurka jokatu zuen partida atzo, larunbat arratsaldez, Txerloian. 12. minutuan iritsi zen Beasainen gola, eta bigarren zatian gorrixek aukera bat baino gehiago izan zituzten arren, ezin izan zuten golik sartu. Azkenean, 0-1 galdu zuten Anaitasunako gizonezkoek neurketa.

Emakumezkoek, berriz, Gasteizen jokatu berri dute partida, Alavesen futbol zelaian. Lehenengo zatia lasaia izan den arren, bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da Anaitasunaren gola, 46. minutuan, Joneren eskutik. Hala ere, talde gasteiztarrak aurrea hartu die gorrixei eta sei gol sartzea lortu du, aurreneko biak penalti bidez. Azkenean, 6-1 galdu dute partida emakumezkoek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide