Azkoitia Lagunkoiaren eskutik, Zuk jakitea nahi dut... izeneko gida aurkeztu dute Elkargunean, adinekoen zaintza era partekatu eta adostu batean eta errespetuz planifikatzen laguntzea helburu duen tresna. Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean landu du gida hori eta, hain zuzen ere, Olaia Arana gizarte langileak eta etika batzordeko kideak azaldu du bere funtzionamendua herritarren aurrean.
"Denok nahi dugu zaharrak izatera iritsi, baina denok ukatzen dugu iritsi garela eta zaintza behar dugula" adierazi du Aranak. Hori kontuan izanda, pertsona bakoitzaren etorkizuneko zaintza aurretik planifikatzen laguntzen du gida berriak, "beranduegi izan baino lehen". Etorkizunean zaintza beharko duenak bere familia, lagun edo gertukoekin modu partekatuan osatu beharreko gida da, bere zaintza nolakoa izatea nahi duen gordeta gera dadin. Dokumentu irekia da, eta pertsona bakoitzak modu desberdinean bete dezake, bere lehentasunen arabera. Hala, etxean edo adinekoen egoitzan egotea nahi duen adieraz dezake, eta baita norbere kabuz jantzi ezin denean zein motatako arropekin janztea gustatuko litzaiokeen ere, adibidez.
Edozein zalantza argitzeko, aldundiak jarri duen 943-24 48 35 telefonora deitu edo zukjakiteanahidut@gipuzkoa.eus helbidera idazteko aukera dago.