Ostalaritzako langileei zuzendutako lehenengo prestakuntza saioa egin dute

Intza Trula 2023ko urr. 3a, 15:55

Ostalariei zuzendutako lehen prestakuntza saioa. (Azkoitiko Udala)

Prestakuntza saioaren xedea alkoholaren eta drogen kontsumoak eragiten dituen kalteen berri ematea eta egoera horien aurrean jokatzeko baliabideak ematea da. Ildo beretik, tabernetan gerta daitezkeen eraso sexisten aurrean egin beharrekoa ere azaltzen zaie parte hartzaileei lansaioan.

Azkoitiko Udaleko Berdintasun eta Prebentzio sailak ostalaritzako langileei prestakuntza saioak egiteko aukera luzatu zien, eta lehen saioa egiteko elkartu dira bi establezimendutako kideak gaur goizean.

Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren babesa du eta prestakuntza saio hauetan alkoholaren eta drogen kontsumoak eragiten dituen kalteak dituzte mintzagai. Horrez gainera, tabernetan gerta daitezkeen eraso sexisten aurrean jokatzeko irizpideen eta protokoloaren berri ematen zaie. 

Ostalariez gain, Mertxe Zubillaga zinegotzia ere izan da saioan, eta horrelako tailerrek duten garrantzia nabarmendu du: "Egia esan, gai hauekiko sentsibilitate handiagoa beharko litzatekeela uste dut, eta lanean jarraituko dugu egoera konplexuak noiznahi eta nonahi sor daitezkeelako, bereziki, festa eta gau giroan". 

Halaber, proiektuan parte hartzen duten establezimenduek Eusko Jaurlaritzak emandako "establezimendu arduratsuen" ziurtagiria jasoko dute, udalak banatutako bereizgarriarekin batera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide