Arrats elkarteak Gomez Elosegi saria jaso du, Eusko Jaurlaritzaren eskutik

Ane Olaizola 2023ko urr. 3a, 10:18

Jose Mari LarraƱaga, artxiboko irudi batean. (Nerea Uranga)

Eusko Jaurlaritzak Nelson Mandela Eguna ospatu zuen atzo, eta Gomez Elosegi saria banatu zuen Donostian egindako ekitaldian. Batez ere bazterketa arriskuan daudenekin egindako lanagatik, Arrats elkarteari eman diote saria, eta hango lehendakaria da Jose Mari Larrañaga.

Eusko Jaurlaritzak Nelson Mandela Eguna ospatu zuen atzo —astelehena— aurrenekoz, espetxeen kudeaketaren eskualdatzearen bigarren urteurrenarekin bat eginez. Espetxeetan lan egiten duten funtzionarioen lana aitortu zuen erakundeak Donostian egin zuen ekitaldian, eta Gomez Elosegi saria banatzeko ere baliatu zuen eguna. Izan ere, orain arte Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC) banatzen zuen Gomez Elosegi saria Jaurlaritzaren esku egongo da aurrerantzean, eta hark Arrats elkartea aitortu du aurten, azken 25 urteetan "askatasunik gabeko pertsonekin" eta, batez ere, bazterketa arriskuan daudenekin egin duen lanagatik. Baliabide sozialak eta juridikoak eskaintzeko irabazi asmorik gabeko elkartea da Arrats.

Jose Mari Larrañaga da elkarteko lehendakaria, eta hura ekitaldian izan ez bazen ere, azkoitiarrak Berria egunkariari adierazi dio saria "pozez" jaso duela, beren "lanaren aitortza" delako. Funtsean, elkarteak "bazterketa egoeran" daudenekin egiten du lan: "Prebentzio lana egiten dugu pertsona batzuk kartzelan ez sartzeko, eta inklusio lanak ere egiten ditugu, kartzela barrutik irteerak prestatzeko".

Larrañagari elkarrizketa egin zion Maxixatzen aldizkariak iaz. Hemen irakur daiteke, osorik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide