Ligako neurketak jokatu dituzte asteburu honetan Anaitasunaren talde nagusiek, eta emakumeek nahiz gizonek, puntu bana lortu dute azken jardunaldian. Bi taldeek berdindu egin dituzte partidak, eta beraz, ezin izan dituzte nahi adina puntu pilatu.
Gizonek gaur, igandea, jokatu dute partida, Portugaleteren aurka, etxetik kanpo, La Florida futbol zelaian (Bizkaia). Zenbait aukera izan dituzte Anaitasunakoek lehen zatian, baina hala eta guztiz ere, hutsean berdinduta iritsi dira atsedenaldira. Bigarren zatian, Portugaletek hainbat aukera sortu ditu, baina Anaitasnakoak ere ondo aritu dira, eta 61. minutuan etorri da Azkoitikoen gola: Mikel Pastrian izan da goleatzailea. Korner batean ostean izandako nahasmen momentu batean sartu du hark gola. Dena den, Portugaletek ez du etsi, gogor jarraitu du lanean, eta luzapenean, Anaitasunak garaipena esku-eskura zuela, Bizkaikoen gola iritsi da, 95. minutuan. Horrela, azken unean garaipenak ihes egin dio Anaitasunari, eta burumakur etxeratu dira Azkoitikoak. Asko sufritutako neurketa baten ostean, pena izan da azken unean neurketa ezin irabazi izana. Une honetan, hiru punturekin, sailkapeneko hamabosgarren postuan da gizonen taldea.
Euskal Ligako emakumeek, bestalde, etxean, Txerloian, jokatu zuten atzo neurketa, Leioako Emakumeak taldearen kontra. Haiek ere berdinketarekin konformatu behar izan zuten, amaiera eroko partida batean. Azkenengo minutuetan Juneren golak garaipena lortzeko balioko ziela pentsatu zuten arren, azkenengo jokaldietako batean Leioakoek berdinketarako gola sartu zuten, 89. minutuan. Horrela, 2 eta 2 amaitu zen neurketa. Seigarren minutuan egin zuten Leioakoek lehen gola, eta 0 eta 1 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala, ordea, berdindu egin zuen Anaitasunak, 47. minutuan Maiderrek sartutako golari esker. 87. minutuan Junek Anaitasunaren bigarren gola egin zuen, eta horrek esperantza piztu zion Azkoitiko taldeari, baina azken unean, zapatuztu egin zitzaien ilusioa. Emakumeak ere, puntu batekin, sailkapeneko hamabosgarren postuan dira gaur-gaurkoz.