Udalak drogei eta eraso sexistei buruzko prestakuntza saioak antolatu ditu ostalaritzako langileentzat

Ane Olaizola 2023ko ira. 29a, 10:54

Berdintasun eta Prebentzio sailak antolatuta, bi saio eskainiko dituzte urrian: batetik, alkoholaren eta drogen kontsumoak dakartzan ondorio fisiko eta gaixotasunei buruzko prestakuntza emango dute, eta arrisku horiek murrizteko jarraibideak azalduko dituzte. Bestetik, eraso sexistei aurre egiteko jarraibideak, ezagutzak eta protokoloak azalduko dituzte. 

Azkoitiko Udaleko Berdintasun eta Prebentzio sailak prestakuntza ikastaroa antolatu du ostalaritzako langileei zuzenduta, eta bi saio eskainiko ditu: batetik, alkoholaren eta drogen kontsumoak dakartzan ondorio fisiko eta gaixotasunei buruzko prestakuntza emango dute, eta arrisku horiek murrizteko jarraibideak azalduko dituzte. Bestetik, eraso sexistei aurre egiteko jarraibideak, ezagutzak eta protokoloak azalduko dituzte.

Urriaren 3an eta 10ean izango dira saioak, 10:30etik 13:30era artean, Elkargunean. Beraz, sei orduko ikastaroa izango da, eta doan eskainiko dute, Eusko Jaurlaritzak babesten duelako. Horrez gain, parte hartzen duen ostalaritza gune bakoitzak Eusko Jaurlaritzak partaidetza-ziurtagiri ofiziala jasoko du, eta udalak bereizgarria banatuko die, "zerbitzu arduratsua" eskaintzen duen lokala dela adierazteko.

Udalak ikastaroan parte hartzera animatu ditu ostalaritzako langileak: "Denontzat izango da lagungarria, bai barraren atzekaldean daudenentzat, bai kontsumituko duten bezeroentzat", esan du Mertxe Zubillaga Berdintasun eta Prebentzio zinegotziak. Ikastaroan parte hartzeko gonbidapena luzatzeko gutun bana ere banatu die udalak establezimenduei, eta hark adierazi du enpresako teknikariek ere lokalak bisitatu dituztela, egitasmoan parte hartzeko garrantzia "lehen pertsonan" adierazteko.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide