Etxean jokatu zuen atzo arratsaldean Espainiako Hirugarren Mailako Anaitasunak Urdulizen kontra. Hasi berri duten denboraldiko lehen neurketa jokatu zuen Txerloian Txema Añibarrok zuzentzen duen gizonen futbol taldeak. Bana eginda, berdinketarekin konformatu behar izan zuten gorritxoek.
Urdulizen kontrako neurketako une askotan hobeak izan ziren Azkoitiko futbolariak, baina ezin izan zuten garaipena lortu. Galtzen hasi ziren Añibarroren mutilak, zortzigarren minutuan Urdulizek gola sartuta, eta atsedenera 0 eta 1 iritsi ziren. Bigarren zatian, ordea, Haimarren jokaldi bikain baten ondoren, gola sartzea lortu zuen Anderrek (53. minutua). Lau minutuko luzapena izan zuen partidak, eta berdinketarekin amaitu zen.
Datorren asteburuko jardunaldia ere Txerloian jokatuko du Anaitasunako gizonen talde nagusiak; Derio izango du aurkaria.
Azken unean, porrota
Euskal Ligako Anaitasunak ere denboraldiko bigarren jardunaldia jokatu zuen atzo. Etxetik kanpo izan zuen neurketa Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeak, Eibar Cren kontra, Unbe futbol zelaian. Neurketa parekatua izan zen, baina partidaren azken minutuan berdinketa hautsi zuen Eibarrek, eta 3-2 amaitu zuten. Anaitasunaren aldetik Maiderrek eta Libek sartu zituzten golak.
Anaitasunako emakumeen talde nagusiak etxetik kanpo jokatuko du datorren asteburuan ere. Igandean, irailaren 24an, 18:30ean, Ugaoren kontra jokatuko du Bizkaian, Ugaoko Arandia futbol zelaian.