181 bizikletazalek –lau emakumeak– irten dute gaur egin den bosgarren Mangaixue mendi bizikleta martxan. Anaitasuna mendi bazkunak antolatutako martxa 15:15ean hasi dute Plazaberrin, eta toki berean bukatu dute. Aurreko edizioetan bezala, bi ibilbide izan dituzte aukeran parte hartzaileek: luzea, 35 kilometrokoa eta motza, 25 kilometrokoa. Helmugara iristen aurrenekoa izan den txirrindularia ibilbide laburra egin duen bat izan da, eta ordubete eta hiru ordu laurdenean osatu du ibilbidea. Haren atzetik pixkanaka-pixkanaka joan dira helmugaratzen gainontzeko partaideak.
Parte hartzaileen artean 80 oparitik gora banatu dituzte antolatzaileek: urdaiazpikoak, barazki saskiak, bizikletarako botilak... Gainera, mendi martxa bukatutakoan, mokadutxoa egiteko aukera izan dute parte hartu duten txirrindulariek, baita bizikletak garbitzekoa ere.
2019an egin zuten azken edizioa, eta beraz, hiru urteko etenaren ostean itzuli da gaur Mangaixue.