Liburu berria aurkeztu du Esteban Elizondo organistak Azkoitiko Parrokian

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 16a, 18:23

Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian egin du liburuaren aurkezpena, bertako Cavaillé-Coll organoaren 125. urteurrena gogoratuz. Azkoitiko herriari eskaini dio liburua, eta bertako jendearekin duen lotura estua azpimarratu du donostiarrak.

Esteban Elizondo organistak La Musica para organo escrita en España entre 1880 y 1980 izeneko bere liburu berria aurkeztu du eguerdian, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundearen parrokiako koruan. Jende ugari bertaratu da parrokiara. Elizondoren kuadrilla, familia, udaleko ordezkariak eta Ana Azkoitia alkatea izan dira, besteak beste, liburuaren aurkezpenean.

Elizondok 2014an argitaratu zuen La musica para organo en el Pais Vasco y Navarra desde 1880 hasta 1980. Catalogo de obras y biografia de autores. "Liburu hartan -azaldu du- Euskal Herriko eta Nafarroako 50 konpositorek idatzitako organorako musika jaso nuen, eta Eduardo Torresek eta Jose Ignacio Prietok sortutako obrak gehitu nizkien, Euskal Herriarekin dituzten lotura bereziak direla eta. Oraingo honetan, Eduardo Torres Perezen jaiotzaren 150. urteurrena ospatu nahi izan dut, katalogo hori eguneratuz eta Espainian 1880 eta 1980 artean organorako idatzitako lanak gehituz. Bilaketa horren emaitza da azken liburu hau: 175 konpositore eta organorako idatzitako 1.900 lan bildu ditut bertan", azaldu du Elizondok.

Azkoitiko Cavaillé-Coll organoa, XIX. mendeko organo fabrikatzaile ospetsuak, Aristide Cavaillé-Collek, eraikitako azken tresna handia izan zen. 1898ko otsailean inauguratu zen. Garai hartan, Juan Maria Etxaniz zen Azkoitiko organista. Gaur egun, Jose Luis Frantzesena da parrokiako organoaren teklatuaren aurrean izaten dena.

Azken hiru urteotan nazioarteko ospea duten organistek jo dute Azkoitiko organo erromantiko-sinfonikoa. Besteak beste, aipatzekoak dira Felix Hell, Marc Meisel, Ana Belen Garcia, Rudolf Mullere, Maria Mokhova, Lidia Ksiazkiewicz, Loreto Aramendi, Sarah Perarna, Kurt Lueder, Jan Vermeire, Prsemyslaw Kapitula, Oscar Candendo, Marie-Bernadette Bufourcet edo Juan de la Rubia.

Urtero Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako herriek antolatzen duten Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa bertako eta inguruko organo-ondarea balioan jartzen duen ekitaldietako bat da, Donostiako Hamabostaldiko organo zikloarekin batera. Bietan aparteko lana egin du Elizondok.

Organo kontzertua

Liburua aurkeztu ostean, organoaren teklatuaren aurrean eseri, eta 30 minutu inguruko kontzertua eman du Elizondok. Sei pieza entzun ahal izan dituzte parrokiara bertaratu direnek, garai desberdinetan konposatuak. Azken piezan, bere biloben laguntza izan du Elizondok.

Pieza horien artean, Jose Luis Frantzesenak konposatutako Agur Maria lana jo du Esteban Elizondok. Azkoitiako Cavallé-Coll organoaren ehungarren urteurrenean konposatu zuen pieza hau Frantzesenak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide