Txingor ekaitzak kalteak eragin ditu herriko zenbait lokaletan

Iraia Oteiza 2023ko ira. 12a, 12:00

Uhaitz kafetegia izan da euriteak kaltetutako lokaletako bat. (Utzitakoa)

Udalari "estoldak garbitu ez izana" egotzi diote kaltetutako zenbait lokaletako arduradunek, eta salaketa jarriko duela iragarri du horietako batek. Gaur arratsalderako ere abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzak prezipitazio handien arriskuagatik.

Atzo arratsaldeko euri zaparrada handiek eta txingor ekaitzak kalteak eragin dituzte Azkoitiko zenbait eraikin eta lokaletan. Elkarguneko biltegia, esaterako, urak hartu zuen eta Insausti jauregiko igogailuaren hutsunea izan zen urez bete zen beste guneetako bat. Hala ere, kalte aipagarririk ez dela izan nabarmendu du Azkoitiko Udalak.

Aldiz, egoera larriagoa izan zela diote herriko zenbait denda eta kafetegietako jabeek. "Komunetik ura sartu zitzaigun eta lokal osoa urez bete zen. Hostoak, loreak eta zikinkeria ere iritsi zitzaizkigun urarekin batera", adierazi dute Uhaitz kafetegiko arduradunek. "Estoldak garbitu ez izana" egotzi diote Udalari eta salaketa jarriko dutela aurreratu dute.

Antzeko egoera bizi behar izan zuten Sendatzen yoga eta terapia zentroan ere. "Klase orduan geunden zentrora ura sartzen hasi zenean. Ahal genuen moduan toalla eta mantekin lehortzen saiatu ginen, baina ur dezente sartu zen. Lurra egurrezkoa da eta oraindik ere guztia lehortu gabe dago", azaldu du bertako arduradunak.

Zenbait herritarrek ere salatu egin dute egoeraren aurrean herriko udaltzainek izan zuten jarrera: "Bustitzeko gogorik ez zutela zirudien, eta ezertxo ere egin ez zutenez, estoldak zenbait herritarrek zabaldu behar izan zituzten, ura joan zedin", salatu dute.

Gaur arratsalderako ere abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prezipitazio handien arriskuagatik. Euskalmeten iragarpenaren arabera, zaparrada trumoitsuak bota ditzake eta ordubetean 15 litro baino gehiago pila daitezke metro koadroko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide