Anaitasunaren talde nagusiek bihar hasiko dute 2023-2024 sasoia

Ane Olaizola 2023ko ira. 8a, 09:02

Anaitasuna, iazko denboraldian.

Anaitasunaren futbol talde nagusiek asteburuan hasiko dute sasoi berria. 16:30ean hasita, Txerloian jokatuko dute Euskal Ligako emakumeek lehen partida, Basauriko Kimuak taldearen aurka. Espainiako Hirugarren RFEF mailako gizonek etxetik kanpo ekingo diote denboraldiari, Ondarroako Aurreraren aurka. Era berean, taldeetan hainbat aldaketa izango da sasoi berrian, jokalariei dagokienez.

Euskal ligetan aritzen diren Anaitasunaren futbol talde nagusiak prest dira sasoi berrirako,  asteburuan ekingo baitiote 2023-2024 denboraldiari. Gizonen artean, Txema Añibarro entrenatzaileak zuzentzen duen gizonen taldeak Espainiako Hirugarren RFEF mailan jokatuko du aurten ere. Emakumeen Euskal Ligan arituko da beste urte batez Anaitasunaren emakumeak zuzenduko dituen Mikel Barqueroren taldea. Bi taldeek bihar, larunbata, ekingo diote liga txapelketari; batak, etxean eta besteak, kanpoan. Emakumeek Txerloian izango dute hitzordua, 16:30ean Basauriko Kimuak taldearen aurka jokatuko duten neurketan. Gizonek, berriz, Ondarroako Aurreraren aurka hasiko dute denboraldia Bizkaiko udalerri horretako Zaldupe zelaian, 17:00etan.

Emakumeen lehen taldean arituko dira aurten Izaro Lete, Irati Azpiazu, Uritz Azkue eta Jone Azkue. Aurreneko hiru jokalariak harrobitik iritsi dira Anaitasunaren talde nagusira, eta Jone Azkue etxera itzuliko da aurreko denboraldia Eibarren egin ostean. Kalare Odriozola ere Euskal Ligaren dinamikan arituko da tarteka, hango fitxa izango ez badu ere.

Haimar Marcos, Gorka Crespo eta Iker Murua azkoitiarra dira, bestalde, gizonen lehen taldeko fitxaketak. Hain zuzen, azkoitiarra etxera itzuliko da hainbat denboraldi maila altuan egin ostean; besteak beste, Sestao River, Arenas eta Ibiza Islas Pitusas taldean. Era berean, Aimar Guembe azkoitiarra lehen taldeko partaide izango da datorren denboraldian. Orain arte, lehen taldeko dinamikan egon da jokalaria, baina bigarren taldeko kide izan da. Datorren denboraldian, berriz, Añibarroren aginduetara egongo da, Anaitasunako maila guztiak pasatu ostean.

Beste hainbat jokalarik, berriz, agur esango diote Azkoitiko futbol klubari. Honako hauek osatzen dute bajen zerrenda: Markel Eskurtza gizonen taldeko azken urteetako kapitaina, Jon Iglesias, Mikel Ruiz, Imanol Galarreta, Mohamed Gourmat, Ainhoa Galarraga, Oihane Suinaga, Alba Urzelai, Eider Azpiazu, Irati Olaizola, Lorea Rueda eta Leire Uzin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide