Laia Aranbarri: "Inondik inora ez genuen espero laugarren postua lortzea"

Ane Olaizola 2023ko abu. 31a, 14:22

Laia Aranbarri, taldeko beste azkoitiarra den Naikari Galarraga besarkatzen, atzo. (Utzitakoa)

Laia Aranbarri azkoitiarra Donostiako Estropadan lehiatuko da datozen bi igandeetan, Zumaiarekin. ETE ligan lehiatzen den ontziak ezustekoa eman zuen atzo arratsaldean jokatutako sailkapen estropadan, eta laugarren postua erdietsi zuen, Euskotren ligako liderren ondotik. 

Kontxako Banderaren sailkapen estropada jokatu zuten atzo, osteguna, Donostian, eta batzuen iragarpenak bete baziren ere, izan zen ezustekorik eman zuen trainerurik; Zumaia izan zen horietako bat. Izan ere, ETE ligan lehiatzen den taldea Donostiako Estropadarako sailkatu zen, laugarren, erakustaldi ederra eskainiz. Laia Aranbarri (Azkoitia, 2015) zein Naikari Galarraga azkoitiarrak traineru horretako arraunlariak dira, eta atzo, Aranbarrik izan zuen sailkapen proban lehiatzeko aukera. Donostiako Estropadaz haratago, Euskotren ligako play-off kanporaketak ditu jomugan ontzi gorriak.

Taldearentzat ezustekoa izan al da Kontxako Banderara sailkatzea?

Itsasoaren egoera alda egin daiteke egun batetik bestera, baina bagenekien itsaso mugitua egonez gero, estropadan aukera gehiago izango genituela. Ordea, guretzat ere ezustekoa izan da, gutxi gorabehera talde erdia jubenilek osatzen dugulako, oso talde gaztea garelako.

Nolako estropada egin zenuten?

Oso olatu handiak zeuden, eta espero baino hobeto joan ginen lehen luzean. Ziabogara iristear ginela, ordea, gure aurretik zihoazenak pasatu beharra genuen, baina ez ziren paretik kentzen, eta ziabogan bion palek talka egin zuten. Itzulera, berriz, oso ona egin genuen, olatu pila bat hartuta.

Itsaso zakarra aldeko izan al zuen Zumaiak?

Bai. Itsasoa zakarra baldin bada, teknikak gehiago balio du indarrak baino. Kasu horretan, ezusteko gehiago egon daitezke, eta gurea bezalako taldeontzat aukerak sortzen dira.

Laugarren postuan sailkatu zineten, Euskotren ligako liderrak eta gero.

Bagenekien Kontxara sailka gintezkeela, baina inondik inora ez genuen espero laugarren postua lortzea. Gu ateratzerako haizea baretu egin zen, baina ziabogaren erreferentziak eman zizkigutenean, aldea handia zen beste ontziekiko. Itzulerakoan egurra eman genuen, eta laugarren egin genuela esan zigutenean, ez genuen sinesten; oraindik kosta egiten zaigu sinestea.

Bestalde, egia da Kontxako Banderaren sailkapen estropadan ez dituztela ontzi onenak ateratzen. Play-off kanporaketak jokatuko ditugu irailaren 16an eta 17an, eta orduan aurkari izango ditugunak baino hobeto egin genuen atzo. Moralki asko lagunduko digu horrek.

Igandean, zer helbururekin aterako zarete itsasora?

Gozatzera joango gara, baita ahalik eta ondoen egitera ere. Era berean, datozen bi igandeak play-off-etarako proba ere izango dira.

Aste honetan, lehenengo txandan aterako zarete. Hurrengo asterako ohorezko txandan sailkatzeko asmoa al duzue?

Ederra litzateke, baina ez dut uste benetako helburua hori denik. Edozer gauza pasatu daiteke, baina oso zaila da ohorezko txandarako sailkatzea. Ahalik eta lan onena egiten saiatuko gara, eta emaitzek laguntzen baldin badigute, are hobeto.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide