Mikel Barquero: "Astez aste joatea gustatzen zait, helburu handiegirik gabe, begirada hurrengo partidan jarrita"

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 31a, 09:35

Mikel Barquero (eskuinean) Pedro Urdapilleta klubeko presidentearekin. (Anaitasuna)

Mikel Barquerok (Azkoitia, 2000) bigarren denboraldia du Anaitasunako emakumeen lehen taldearen entrenatzaile. Astebete pasatxo falta zaie Euskal Ligari ekiteko, eta pozik da azkoitiarra, zelaian geroz eta sentsazio hobeak dituztelako.

Azken egunotan iaz ibilitako jokalari dezente agurtu dituzue sare sozialen bidez. Aldaketa handiak izan al dira taldean?

Zazpi jokalarik utzi dute taldea, arrazoi desberdinengatik: batzuk ikasketengatik, urtebeterako kanpora joango direlako adibidez; beste batzuek futbola uztea erabaki dutelako… Horrela esanda, taldea utzi dutenak asko direla ematen du, baina blokearen zatirik handiena mantendu egiten da; beheko mailetatik igo diren hiru jokalarirekin eta iazko denboraldia Eibarren egin zuen Jone Sudupe berriz Anaitasunara itzulita, hogei jokalariko taldea osatu dugu.

Abuztuaren hasieran ekin zenioten denboraldiaurreari; beraz, aste batzuk badaramatzazue lanean. Zer moduz joan da orain artekoa?

Ondo. Egunerokoan jokalariak gogoz entrenatzen ari dira eta geroz eta sasoi puntu hobean daude. Orain arte hiru lagunarteko partida jokatu ditugu, eta emaitzei dagokionez, denetarikoak izan ditugu: aurrenekoa berdindu egin genuen, bigarrena galdu eta hirugarrena, duela egun batzuk etxean jokatu genuena, 4 eta 1 irabazi genuen. Zelaian sentsazio onak izan ditugu, batez ere azken partida horretan; esan beharra dago zelai berria izateak ere laguntzen duela. Dena dela, denboraldiaurrean egonik, emaitzei baino garrantzi handiagoa ematen diot jokalarien jarrerari, eta ilusio eta gogo handiz ari dira entrenatzen.

Zelai berria izateak laguntzen duela esan duzu…

Bai, noski, horrek jokalarien motibazioan eragin egiten du, eta egin dituzten komentarioengatik, alderik handiena atezainak antzeman duela esango nuke.

Irailaren 9-10eko asteburuan ekingo diozue denboraldiari. Aurrez beste lagunartekorik jokatzerik aurreikusten al duzue?

Bai, larunbatean jokatuko dugu azkena, Beasainen, Goierri Gorriren kontra. Ia azkena etxean izan genituen sentsazio berberak izaten ditugun zelaian. Liga jokatzen, berriz, bi asteburu barru jakingo dugu, baina federazioari dagozkion konturen batzuk tarteko, oraindik ez dakigu ez zeinen kontra jokatuko dugun lehendabiziko partida, ezta etxean ala kanpoan jokatuko dugun ere.

Denboraldiari begira, helbururik-eta ezarri al duzue?

Ez naiz helburuak jartzearen zalea, ez behintzat denboraldia hasi aurretik. Astez aste joatea gustatzen zait, partidaz partida, helburu handiegirik gabe, begirada hurrengo partidan jarrita. Jokalariei eskatzen diedana da egunerokoan gogoz lan egiteko eta partidetan lehiakorrak izateko, badakidalako hori egiten badugu, emaitzak etorriko direla. Gero, denboraldia aurrera doan bezala, ikusiko dugu sailkapenari dagokionez beste helbururen bat jartzeko moduan gauden ala ez, baina oraindik goizegi da horretarako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide