Ray? Oh... Needa!! musika talde japoniarrak Azkoitian geldialdia egingo du, Euskal Herrian egingo duen biraren baitan. Matadeixen kontzertua eskainiko du ostiral honetan, irailaren 1ean, gaueko 22:30etan. Sarrerak 7 euroren truke eskura daitezke.
Ray? Oh... Needa!! Tokion (Japonia) sortu zen 2017ko neguan. Takeshi Oe (ahotsa/gitarra), Masato Shibata (gitarra), Hiroki Minagawa (bateria), Hel Ichikawa (baxua), eta Taniguchiham (gitarra) musikariek osatutako taldea Tokioko underground eszenan hasi zen agerraldiak egiten, rock alternatiboa, punka, duba, rock industriala, elektronika eta 70eko hamarkadako taldeak gogorarazten dituzten doinu sendoekin. Taldeak hainbat lan kaleratu ditu gaur arte, guztiak japonieraz eta modu independentean abestuak. Boskotea nazioarteko lehen biran murgilduta dago, eta urte amaieran kaleratuko du disko berria.