Irailean sartzearekin batera, ostiralean irekiko dute Portaleburu erakusketa aretoa Inazio Iriarte margo lehiaketako 40. edizioko lanekin. Abuztuaren 17an, Andremarietako Baserritarren egunean egin zen margo lehiaketan parte hartu zuten 23 margolarien lanak izango dira ikusgai ostiral honetatik, irailaren 1etik, 17ra bitartean.
Azkoitia gaitzat hartuta aurkeztu zituzten margolanak parte hartzaileek, eta Caceresko (Espainia) Federico Plasenciak eskuratu zuen lehen saria, "modernoa izateagatik eta bere enkoadraketagatik eta argi-jokoarengatik". Bigarren saria Jose Miguel Arranz erandiotarrak (Bizkaia) irabazi zuen, eta hirugarren saria herrian geratu zen, Azkoitiko bizilaguna den Iñigo Borda azpeitiarrak eskuratu baitzuen.
Lehiaketako lan guztiak ikusgai izango dira Portaleburun ostiraletan, irailaren 1ean eta 8an, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan, irailaren 2ean eta 9an, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandetan, irailaren 10ean eta 17an, 12:00etatik 14:00etara.