Abuztuaren 18an, andramarietako Kuadrillen egunean, Azkoitiko taberna batean emakume batek jasandako erasoa salatzeko, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean herriko plazan, Itaiak egindako deiari erantzunez. Elkarretaratzearen bukaeran Itaiako kideek adierazi zutenez, gainera, emakume bat ez, bi izan ziren erasotuak. "Lekuz kanpoko irainak egiteaz gain, bi gizonek ukituak egin zizkieten bi emakumeri", zehaztu zuten. Itaiak eta plazan bildutako herritarrek gogor salatu zituzten gertakari horiek, eta babesa adierazi zieten erasotuei eta haien ingurukoei.
Erasotzaileen jarrera ez ezik, erasoak gertatu ziren tabernan une hartan lanean ari ziren zerbitzariena ere gaitzetsi eta "tamalgarritzat" jo zuten, Itaiako kideen arabera, erasotuei laguntza ukatu zietelako. "Erasotuek laguntza eskatu ondoren, euren nahiei entzun ez eta gainera erastzaileei alkohola ateratzen jarraitu zuten, eta ez zituzten taberana.tik kanpratu nahi izan, lan asko zutenaren aitzakian".
Gisa horretako erasoak eta indarkeria matxista "eguneroko ogi" direla adierazi zuten, eta "festa giroan areagotu eta normalizatu" egiten direla jarrera horiek. "Inoiz baino aurrerakiagoa dirudien gizarte honetan, indarkeria matxista kasuek gora egiten jarraitzen dute, eta forma berriak hartzen ari dira, gainera". Horren aurrean, beste aldera begiratzea ez da aukera bat Itaiako kideen irudiko; "erasotzaileei aurre egin eta horiek seinalatzea da egin dezakegun gutxienekoa, euren inpunitatearekin amaitu eta erastuei babesa eskaintzeko".
Horrelako erasoak gerta ez daitezen, Itaiako kideek beharrezko jo zuten "instituzio propioak" garatzea, eta horren adibidetzat aipatu zituzten festetan martxan izan duten eraso matxisten kontrako protokoloa eta ikasturtean zehar egindako lan guztia. Horiek horrela, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten plazan bilduutako herritarren aurrean, "ezinbestekoa baita erasotzaileak seinalatu eta horien aurrean erantzun irmoak ematea, eta baita erasotuak izan diren emakumeak baesteko antolakuntza bitartekoak saretzea ere".