Kuadrillen eguna, bero-bero

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 18a, 15:29

Aurtengo andremarietako bosgarren eta azken eguna da gaurkoa, eta gelditzen zaizkien indarrak xahutzeko prest atera dira azkoitiarrak kalera. Bero ikaragarriari aurre eginez, XIX. Kale Atletismo Erakustaldia eta XX. Andramaixetako Milia egin dituzte gaur goizean, eta eguerdian 1.400 lagun bildu dira plazan, bazkaltzeko.

Aurtengo andremarietako azken eguna da gaur, Kuadrillen Eguna hain zuzen, eta bero ikaragarria egiten duen arren, azkoitiarrak gogotsu atera dira kalera festei behar bezalako bukaera ematera. Goizean goizetik alkandora koloretsuak soinean zituztela ikus zitezkeen gazteak, kuadrilla bakoitza berearekin, eta beroari aurre egiteko beharrezko materiala karroetan hartuta ere bai haietako asko.

Txosnagunean egitekoak ziren kuadrillen arteko jolasik ez dute egin, talde gutxik eman dutelako izena, baina poteoan eta herri bazkarian jendetza batu da. Zehazki, 1.400 lagun zeuden izena emanda bazkarirako, eta haientzat guztietan urteroko boluntario taldea aritu da Kontzejupean paella prestatzen goiz guztian.

Kuadrillei ez ezik, kirolariei ere beroari aurre egin beharra egokitu zaie gaur goizean. 11:00etan hasita, XIX. Kale Atletismo Erakustaldia egin dute Balda plazan, eta horren ostean, XX. Andramaixetako Milia, biak ala biak, Xeye atletismo taldeak antolatuta. Tartean triatloi taldekoen eta Xeyekoen arteko lagunarteko norgehiagoka bat ere izan da, eta Xeyekoak izan dira irabazleak.

Bihar goizera arte festak ez du etenik izango, eta honakoa da datozen orduetarako egitaraua:

 

  • 16:30. Brincadeira batukada taldea, herriko kaleetan.
  • 17:30. Apar festa eta ur Jolasak, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin. 20:00. Joselontxos txaranga, herrian zehar.
  • 22:00. Kontzertuak: Trini Fox eta J Martina.
  • 00:00. Suzko zezena, herriko plazan.
  • 00:15. Perkulights batukada taldea, herriko kaleetan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian.
  • 23:00etatik 02:00eara. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea.
  • 01:00. DJak: 3haiZra eta San Telmo.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide