Ihintza Erauskinek eta Danel Castillok irabazi dute Bikote Gazteen Dantza Suelto Txapelketa

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 18a, 09:00

Bigarren eta hirugarren sariak azpeitiarrek eraman dituzte; hain zuzen ere, Alaitz eta Aner Elorzarentzat izan da bigarren saria, eta Izaro Arandiak eta Hegoa Aizpuruk osatutako bikotearentzat hirugarrena.

Bikote Gazteen Dantza Suelto Txapelketa jokatu zuten atzo arratsaldean, 18:00etan hasita, Balda plazan. Dantzarako aukeran bero handiegia egiten zuen arren, maila ona erakutsi zuten nor baino aritu ziren bost bikoteek, eta eskaini zuten ikuskizunarekin gozatua hartu zuten bertaratu ziren dozenaka herritarrek.

Saioak ordubete inguru iraun zuen. Fandango eta arin-arin bana dantzatu behar izan zituzten bikote bakoitzak, eta behin puntuagarriak ziren lanak eginda, denek batera beste fandango eta arin-arin bana dantzatu zituzten. Ondoren, epaimahaiak nor saritu erabakitzen zuen bitartean, Azpeitiko beste bi bikotek erakustaldia egin zuten. Txapelketan parte hartu zutenak 16 urtetik beherako dantzariak izan baziren ere, erakustaldia ematera zaharragoak igo ziren oholtzara.

Haiek bukatu orduko, atzokoan onenak iruditu zitzaizkion hiru bikoteen izenak jakinarazi zituen epaimahaiak. Lehendabiziko saria, Lezoko (Gipuzkoa) Ihintza Erauskinek eta Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Danel Castillok osatutako bikotearentzat izan zen; bigarrena, Alaitz eta Aner Elorza azpeitiarrentzat; eta hirugarrena, Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru azpeitiarrentzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide