Andremarietako laugarren edo azken aurreko eguna da gaurkoa, eta azkoitiarrak oraindik ez dira kalean ibiltzeaz nazkatu. Goizez zein arratsaldez, jendetza ibili da hara eta hona, izan baita zer eginik, entzunik eta ikusirik.
Bazkalosteko jarduerei simulazio jolasek eman diete hasiera. 17:00etan hasita, hainbat simuladoretan ibiltzeko aukera izan dute Kultur Etxeko arkupeetara bertaratu diren gaztetxoek. Kontzejupean, berriz, Txiki Chef gunean, askotariko jakiak eta gozoak egin dituzte, eta aurpegia margotzeko txokoa ere jarri dute.
Handik metro gutxira, herriko plazan bertan, Leandro Insua kale artistak sekulako ikuskizuna eman du arratsaldea borobiltzeko. Inon iragarri gabeko saioa izan da, artistak bere ekimenez gauzatutakoa, baina minutu gutxian dozenaka askoren arreta erakarri du argentinarrak. Malabarismoak egiteko, airean jarritako soka batean hara eta hona ibiltzeko eta beste hainbat gauza harrigarri egiteko gaitasuna bikaina erakutsi du.
Bien bitartean, herriko trikitilariak kalejiran ibili dira, arratsaldea girotzen.