Omenaldia jaso dute aurten 90 urte egin dituzten herritarrek

Julene Frantzesena 2023ko abu. 17a, 20:47

Adin horretara iritsi diren herritarrak omendu dituzte Azkoitiko Udalak eta Plaza Ondo jubilatuen elkarteak: aurten, orotara, 44 gizon-emakume. Elkargunean egin dute aurtengo bazkaria, Azkoitian bertan lehen aldiz, eta 200 lagun elkartu dira.

Egun berezia izan da gaur herriko adineko hainbatentzat. Izan ere, ohitura den legez, gaurko egunez, aurten 90 urte bete dituzten herritarrak omendu dituzte Azkoitiko Udalak eta Plaza Ondo jubilatuen elkarteak. Elkargunean egin dute aurtengo bazkaria, Azkoitian bertan lehen aldiz –orain arte Kiruri jatetxean egin izan dute–, omenduek nahiz haien senideek herritik mugitu beharrik izan ez zezaten, eta otorduan 200 lagun izan dira.

Ana Azkoitia alkatea ere bazkarian izan da, eta banan-banan zoriondu ditu mahaiaren bueltan elkartu diren 90 urteko azkoitiarrak. Hala esan du Azkoitiak: "Bizitza bera ederra bezain zaila da, eta hori nahikoa azkar ikasten da gehienetan. Horregatik duzue merezita omenaldi hau. Bizitzak askotan jartzen gaitu proban, eta zuek hemen zaudete, familiaz inguratuta. Gora-behera eta zailtasun guztien gainetik, hemen zaudete, bizitzari kantatuz. Bizitza oso bateko eskarmentua eta jakituria dituzue. Bizitza oso bateko malkoak eta irriak. Bizitza oso bateko hitzak. Bizitza oso bateko maitasuna. Hori asko da. Asko da bizitakoa. Asko da gaur eta hemen ospatzeko duzuena, eta duguna".

Aurten, orotara, 44 gizon-emakume omendu dituzte, eta bazkarira horiek denak joan ez badira ere, hainbat izan dira Azkoitiaren eskutik oroigarria jaso dutenak. Bazkalostean, gainera, sabelak beteta, musikaz gozatzeko abagunea izan dute Elkargunean izan diren herritarrek.

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide