Ekitaldiz beteta iritsi da Baserritarren eguna

Julene Frantzesena 2023ko abu. 17a, 14:49

Trikitilarien emanaldia, Inazio Iriarte margo lehiaketa, blonda txapelketa, herri kirol erakustaldia nahiz erraldoien eta buruhandien kalejira izan dira gaur goiz eta eguerdi partean. Eguraldia lagun, herritar ugari atera dira kalera, ekitaldi horietara.

Gaurkoa andremarietako azken aurreko eguna da, baina herritarrek ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izan dute goiz eta eguerdi partean. Izan ere, trikitilarien emanaldia, Inazio Iriarte margo lehiaketa, blonda txapelketa, herri kirol erakustaldia nahiz erraldoien eta buruhandien kalejira izan dira. Eguraldia lagun, herritar ugari atera dira kalera, ekitaldi horietara.

Goizean hasi dira 23 margolari kalean beren artelanak margotzen. Batzuk eliz atarian aritu dira pintaketa lanetan, besteak Balda plazaren inguruan, beste batzuk Floreagan... Lan koloretsuak eta ederrak gauzatu dituzte horiek, eta epaimahaia ibili da horiek denak ikusten eguerdi partean. Arratsaldean egingo dute margo lehiaketaren 4o. edizioaren sari banaketa ekitaldia; 19:30ean izango da, Portaleburu erakusketa aretoan.

Bestalde, hainbat abelburuk hartu dute goizean Plaza Berria. Gipuzkoako hainbat abeltzainek blonda arrazako behiak eraman dituzte hara, eta lehiaketa egin dute, dozenaka herritarren aurrean. 50 abelburuk parte hartu dute lehian, eta Azpeitiko Eizmendi baserriarentzat izan dira bi sari nagusiak.

Plazan, berriz, herri kirol erakustaldia eskaini dute harri jasotzaile eta aizkolari hainbatek: Julen Alberdi Txikia IV.a, Corchero, Eneko Otaño, Ugaitz Mugerza, Jon Unanue Goenatxo III.a, Xabier Aranburu Guzta, Udane Ostolaza, Karmele Gisasola eta Jose Mari Esnaola eta haren bi semeak. Bi taldetan aritu dira horiek denak gauzatu beharreko lanak egiten.

Erraldoiak eta buruhandiak ere kalera atera dira beste behin, Txalkor txistulari taldeko kideek lagunduta. Haur eta gaztetxo hainbat izan dituzte haiek zain, Kontzejupean, eta ibilbidea hasita, herrian zehar ibili dira hara eta hona, haurren atzetik.

Bazkal orduan eta arratsaldean, besteak beste, 90 urte betetzen dituzten herritarrak izango dira protagonista. Izan ere, horiek mezatik aterata Elkargunean bazkalduko dute, eta bazkalostean, Azkoitiko Udalaren oroigarri bana jasoko dute.

Halaber, simulagailuen parkean ibili ahal izango dute gaztetxoek 17:30etik aurrera plazan, eta gero, dantza suelto txapelketa izango da Balda plazan. Ondoren, Inazio Iriarte Margo Lehiaketako sari banaketa ekitaldia eginda, Etxeberritxok eta Ugaitzek erromeria eskainiko dute Balda plazan.

Hona hemen goizak utzi duena bideoan:

 

Bihar segituko dute festek, Kuadrillen egunarekin. Honako hau da biharko egitarua:

Abuztuak 18, Kuadrillen eguna

  • 11:00. Atletismo saioa, Balda plazan.
  • Ondoren, XX. Andramaixetako Milia eta XIX. Kale Atletismo Erakustaldia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.
  • 12:00. Kuadrillen arteko jolasak.
  • 14:30. Herri bazkaria, herriko plazan.
  • 16:30. Brincadeira batukada taldea, herriko kaleetan.
  • 17:30. Apar festa eta ur Jolasak, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin. 20:00. Joselontxos txaranga, herrian zehar.
  • 22:00. Kontzertuak: Trini Fox eta J Martina.
  • 00:00. Suzko zezena, herriko plazan.
  • 00:15. Perkulights batukada taldea, herriko kaleetan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian.
  • 23:00etatik 02:00eara. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea.
  • 01:00. DJak: 3haiZra eta San Telmo.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide