Gustu guztietarako ekitaldiak izan dira Andremari eguneko arratsaldean

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 15a, 22:45

Pilotari profesionalen pilota partidak, Pontx pailazoaren ikuskizuna, Freestyle Street Show ikuskizuna, magia poteoa, gimnastika erritmiko erakustaldia, dultzaineroen kalejira eta kontzertuak izan dituzte aukeran herritarrek.

Askorako eman du Andremari eguneko arratsaldeak. Pilotari profesionalen neurketak izan dira leporaino betetako Gurean frontoian. Masters CaixaBank txapelketaren barruan, Ezkurdiak eta Mariezkurrena II.ak 22 eta 12 irabazi dute Altuna III.aren eta Imazen kontra; eta Zabalak eta Bikuñak, berriz, 22 eta 19 menderatu dituzte Peio Etxeberria eta Arbizu.

Kalean, Pontx pailazoarekin emanaldiaz gozatu dute haurrek eliz atarian; Freestyle Street Show kale ikuskizunean jauzi eta akrobazia ikusgarriak egin dituzte Balda plazan; poteoan zebiltzan herritarrak aho zabalik utzi dituzte terrazaz terraza zebiltzan magoek; eta Oteiza pilotalekuan gimnastika erritmiko erakustaldia egin dute Zubiberri taldeko kideek. Horiez gain, kaleak girotzen Eltziegoko dultzaineroak ibili dira kalejiran; eta txosnagunea goraino bete du CheckBoyz talde azkoitiarrak. 

Uneotan, berriz, herriko plaza jendez estalita dago XI. Film Laburren Lehiaketako lanen aurkezpena eta sari banaketa direla eta, eta hori bukatu ostean, 23:45ean hasita, Neomak taldeak kontzertua emango du herriko plazan bertan. Azkenik, 01:00etatik aurrera, Inguma eta Rodeo musika taldeek joko dute karpan.

Hona hemen, datozen egunetako jaietako egitaraua:

Abuztuak 16, San Roke eguna

  • 09:30. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkariak parrokira joango dira korporazioan, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate Soinuaren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia, herritar erlijiosoen zein lekaimeen eta Parrokiko Abesbatzaren nahiz Iraurgi abesbatzaren partaidetzarekin.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:15. Ohiko Aurreskua, herriko plazan.
  • 13:00. Musika bandaren eta Eltziegokodultzaineroen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:00. Gazteentzako jolas dinamikoak, Balda plazan.
  • 19:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak kale ikuskizuna.
  • 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana etxearen eskutik.
  • 23:30. Gozategi taldearen kontzertua, herriko plazan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliz atarian.
  • 01:00. Txunba.
  • 01:30. Tintz eta Kanpax DJak.

Abuztuak 17, Baserritarren eguna

  • 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkarteak eraturiko 40. Inazio Iriarte Margo Lehiaketako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan. Lanak 14:00etatik 15:00etara bitartean jasoko dira toki berean.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Blonda ganadu txapelketa, Plazaberrin.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, herriko plazan. Julen Alberdi Txikia IV.a, Corchero, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza aizkolariek, Jose Mari Esnaola nahiz Jon Unanue Goenatxo III.a, Xabier Aranburu Guzta, Udane Ostolaza, Eizmendi eta Karmele Gisasola harri jasotzaileek parte hartuko dute.
  • 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen anai-arreba arteko bazkaria, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 17:30. Simulagailu parkea 2.0, herriko plazan.
  • 18:00. Dantzari bikoteen txapelketa, Balda plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Baztartxo antzokian izango da.
  • 19:30. 40. Inazio Iriarte Margo Lehiaketako sari banaketa, Portaleburu erakusketa aretoan.
  • 22:00. Etxeberritxo eta Ugaitz trikitilariekin erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak jarraituko du.

Abuztuak 18, Kuadrillen eguna

  • 11:00. Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XX. Andramaixetako Milia eta XIX. Kale Atletismo Erakustaldia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.
  • 12:00.Kuadrillen arteko jolasak.
  • 14:30. Herri bazkaria, herriko plazan.
  • 16:30. Brincadeira batukada taldea, herriko kaleetan.
  • 17:30. Apar festa eta ur Jolasak, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 20:00. Joselontxos txaranga, herrian zehar.
  • 22:00. Kontzertuak: Trini Fox eta J Martina.
  • 00:00. Suzko zezena, herriko plazan.
  • 00:15. Perkulights batukada taldea, herriko kaleetan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian.
  • 23:00etatik 02:00eara. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea.
  • 01:00. DJak: 3haiZra eta San Telmo.

Abuztuak 19, larunbata

  • 22:00. XIII. Diva-Sat idi dema saria, herriko probalekuan.

Abuztuak 21, astelehena

  • 22:00. XIII. Diva-Sat idi dema saria, herriko probalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide