Bi txupinazo botata, lehertu da festa

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 14a, 12:55

Aurrena, 11:00ak jota, Azkoitiko Gazte Asanbladako kideek eta Oletan ere Ez! taldekoek bota dute txupinazo alternatiboa San Martinen; ofiziala, berriz, 12:00ak puntuan, udaletxean, Azkoitiko danborradaren hiru ordezkarik eta Ana Azkoitia alkateak. Datozen bost egunotan, festak ez du etenik izango.

Hasi dira aurtengo andremariak, eta gaurkoan ere, baten falta, bi txupinazorekin eman diete festei hasiera. Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) 11:00etarako San Martinen jarria zuen hitzordua txupinazo alternatiboa botatzeko, eta dozenaka izan dira han bildu diren herritarrak. Hamaiketakoa egin dute aurrena, eta salaketarako tartea ere hartu dute suziria jaurti aurretik. Mugimendu Sozialistako kideek gazteek herrian antolatzeko eta espazio publikoa erabiltzeko dituzten zailtasunak gaitzetsi dituzte batetik, eta Oletan ere Ez! taldeko kideek inguruko mendietan eraiki nahi dituzten zentral eolikoen kontrako borrokara batzeko deia egin dute bestetik. Hain zuzen ere, bi eragile horietako kideek elkarrekin bota dute txupinazo alternatiboa. Ondoren, trikiti doinuak lagun zituztela, kalejiran jaitsi dira plazara.

Txupinazo ofiziala, berriz, 12:00etan bota dute udaletxeko balkoitik, plaza leporaino beteta zela, eta horretarako, Ana Azkoitia alkateak Azkoitiko danborradaren hiru ordezkari izan ditu alboan —Justino Sasieta, Ana Etxaniz eta Xanti Artetxe—, aurten Azkoitiko danborradak 75 urte betetzen dituela eta. Horren harira, aipatzekoa, gaur, Andremari bezpera, Salbearen ostean egingo den danborrada. Suziria bota aurretik, 75 urteotan danborrada aurrera ateratzeko beren aletxoa jarri duten guztien lana goraipatu eta eskertu du alkateak, pleno aretoan egin duen hitzartzean.

Behin festei hasiera emanda, Musika Bandak Ondo pasau Andramaixek jo du plazan, eta ondoren, musika bandaren, Parrokiko Abesbatzaren eta Iraurgi abesbatzaren laguntzaz, herritarrek Azkoitia ereserkia abestu dute. Jarraian, Eltziegoko Dultzaineroek Kandido abestia eskaini dute eta Azkoitiko, Txantreako eta Buztintxuriko erraldoiek eta buruhandiek kalejira hasi dute.

Festak ez du etenik izango datozen bost egunotan, eta ume, gazte zein heldu, era guztietako jarduerak eta emanaldiak izango dituzte herritarrek aukeran.

Hona hemen datozen orduetako eta egunetako egitaraua:

Gaur, Andremari bezpera

  • 17:00. Haur parkea Balda plazan.
  • 17:00. DJ saioa txosnagunean: Romerinho; Anthony Pern eta Attitte; Albi; Suupe eta Porru; Murxi eta Munizzio.
  • 19:00. Rockalean musika kale ikuskizuna, herriko kaleetan zehar.
  • 19:50. Udal ordezkariak parrokiara joango dira korporazioan, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate Soinuaren doinupean.
  • 20:00. Herritarrek Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria abestuko dituzte parrokian, zazpi eta bost ahotsetara, hurrenez hurren.
  • Ondoren, Azkoitiko danborradaren 75. urteurrena ospatzeko danborrada.
  • 23:00. Su Ta Gar taldearen kontzertua, herriko plazan.
  • 23:00. Eusko Jaurlaritzak babestuta, drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da parrokiaren aurrean. Alkoholemia proba prebentiboa egin ahalko da.

Bihar, Andremari eguna

  • 09:30. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.
  • 10:00. Musika bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejirak.
  • 10:50. Udal ordezkariak parrokiara joango dira korporazioan, musika bandak eta Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate Soinuaren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Eltziegoko dultzaineroen konpainian.
  • 13:00. Musika bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Master Caixa Bank Txapelketako partida jokatuko dute, batetik, Ezkurdiak eta Mariezkurrena II.ak, eta bestetik, Altuna III.ak eta Imazek.
  • 17:00. Pontx pailazoaren ikuskizuna, eliz atarian.
  • 18:30. Freestyle Street Show kale ikuskizuna, Balda plazan.
  • 19:30. Magia poteoa.
  • 20:00. Zubiberri gimnastika erritmiko taldearen erakustaldia, Oteiza pilotalekuetan.
  • 20:00. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.
  • 20:30. Kontzertuak: CheckBoyz, Inguma eta Rodeo.
  • 22:00. XI. Film Laburren Lehiaketako lanen aurkezpena eta sari banaketa, herriko plazan. Aurtengo gaia: Maxixatzen.
  • 23:45. Neomak taldearen kontzertua, herriko plazan.

Abuztuak 16, San Roke eguna

  • 09:30. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkariak parrokira joango dira korporazioan, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate Soinuaren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia, herritar erlijiosoen zein lekaimeen eta Parrokiko Abesbatzaren nahiz Iraurgi abesbatzaren partaidetzarekin.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:15. Ohiko Aurreskua, herriko plazan.
  • 13:00. Musika bandaren eta Eltziegokodultzaineroen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:00. Gazteentzako jolas dinamikoak, Balda plazan.
  • 19:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak kale ikuskizuna.
  • 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana etxearen eskutik.
  • 23:30. Gozategi taldearen kontzertua, herriko plazan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliz atarian.
  • 01:00. Txunba.
  • 01:30. Tintz eta Kanpax DJak.

Abuztuak 17, Baserritarren eguna

  • 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkarteak eraturiko 40. Inazio Iriarte Margo Lehiaketako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan. Lanak 14:00etatik 15:00etara bitartean jasoko dira toki berean.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Blonda ganadu txapelketa, Plazaberrin.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, herriko plazan. Julen Alberdi Txikia IV.a, Corchero, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza aizkolariek, Jose Mari Esnaola nahiz Jon Unanue Goenatxo III.a, Xabier Aranburu Guzta, Udane Ostolaza, Eizmendi eta Karmele Gisasola harri jasotzaileek parte hartuko dute.
  • 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen anai-arreba arteko bazkaria, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 17:30. Simulagailu parkea 2.0, herriko plazan.
  • 18:00. Dantzari bikoteen txapelketa, Balda plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Baztartxo antzokian izango da.
  • 19:30. 40. Inazio Iriarte Margo Lehiaketako sari banaketa, Portaleburu erakusketa aretoan.
  • 22:00. Etxeberritxo eta Ugaitz trikitilariekin erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak jarraituko du.

Abuztuak 18, Kuadrillen eguna

  • 11:00. Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XX. Andramaixetako Milia eta XIX. Kale Atletismo Erakustaldia, Xeye atletismo taldeak antolatuta.
  • 12:00.Kuadrillen arteko jolasak.
  • 14:30. Herri bazkaria, herriko plazan.
  • 16:30. Brincadeira batukada taldea, herriko kaleetan.
  • 17:30. Apar festa eta ur Jolasak, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 20:00. Joselontxos txaranga, herrian zehar.
  • 22:00. Kontzertuak: Trini Fox eta J Martina.
  • 00:00. Suzko zezena, herriko plazan.
  • 00:15. Perkulights batukada taldea, herriko kaleetan.
  • 23:00etatik 02:00etara. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da eliza atarian.
  • 23:00etatik 02:00eara. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta genero erasoen aurkako babes gunea.
  • 01:00. DJak: 3haiZra eta San Telmo.

Abuztuak 19, larunbata

  • 22:00. XIII. Diva-Sat idi dema saria, herriko probalekuan.

Abuztuak 21, astelehena

  • 22:00. XIII. Diva-Sat idi dema saria, herriko probalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide