Itaiaren protokoloaren aurkezpenak eta garagardo dastaketak ireki dute Azkoitiko karpagunea

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 13a, 10:47

Eraso matxisten aurkako protokoloaren azalpenak eman zituzten Itaiako kideek, eta ondoren Izar-Haitz garagardoen dastaketa izan zen. Hamarnaka gazte elkartu zen garagardoaren bueltako azalpenak entzuteko. Gaur arratsaldean mus txapelketa izango da, eta bihar botako dute festei hasiera emateko txupinazo alternatiboa, 11:00etan, San Martinen.

Festetarako motorrak berotzen hasi dira Azkoitian, eta andremarien atariko, Itaiak erasoei aurre egiteko martxan jarriko duen protokoloaren aurkezpena eta garagardo dastaketa izan ziren atzo, larunbata, Goiko Losako karpagunean. 18:00etan hasita eman zituzten eraso matxistei aurre egiteko protokoloaren azalpenak. Protokoloaren zenbait zati Itaiako kideek eta barran txandak egingo dituztenek jakin behar dituzte, eta jarraibideen xehetasunak azaldu zituzten atzokoan. Itaiaren protokoloa aktibatzeko, besteak beste, 688 699 370 telefonora dei daiteke. 

Ondoren, 19:00ak pasatxoan hasita, Izar-Haitz garagardoen dastaketa eskaini zuten bertako garagardogileek. Guztira, zortzi garagardo desberdin probatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek, eta Izar-Haitzekoek horien inguruko azalpenak eman zizkieten bertaratutakoei. Gaur, igandea, mus txapelketa egingo dute karpagunean, 17:30ean hasita. 

Bihar, abuztuak 14, hasiko dira Andremari festak, eta karpaguneko eragileek antolatuta, 11:00etan botako dute txupinazo alternatiboa. Azken urteetan bezala, San Martin auzoko Ardatz elkartearen aurrean botako dute txupinazoa Andremari bezperan. Hamaiketakoa ere egingo dute bertan, eta plazara jaitsiko dira ondoren, trikitilariez lagunduta. Aurten, Oletan ere Ez! taldeko kideek eta Mugimendu Sozialistako herritarrek botako dute suziria. Gazte Asanbladako kideek azaldu dutenez, "mendietan eolikorik ez dutela nahi aldarrikatzeko eta espazio publikoaren pribatizazioaren aurka" botako dute festei hasiera emateko suziria bi mugimendu horietako kideek. Iaz San Jose egoitzako langileek bota zuten suziria. 

Abuztuak 13, igandea

  • 17:30. Azkoitiko Gazte Asanbladaren II. Mus Txapelketa.

Abuztuak 14, astelehena

  • 11:00. Txupinazo alternatiboa.
  • 17:00. DJ saioa: Romerinho; Anthony Pern eta Attitte; Albi; Suupe eta Porru; Murxi eta Munizzio.

Abuztuak 15, asteartea

  • 20:30. Kontzertuak: CheckBoyz, Inguma eta Rodeo.

Abuztuak 16, asteazkena

  • 01:00. Txunba.
  • 01:30. Tintz eta Kanpax DJak.

Abuztuak 18, ostirala

  • 12:00. Kuadrillen arteko jolasak.
  • 22:00. Kontzertuak: Trini Fox eta J Martina.
  • 01:00. DJak: 3haiZra eta San Telmo.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide