Andremari jaietan kirolak ere izan ohi du tartea Azkoitian, eta horren erakusle da urtez urte Xeye atletismo taldeak festetako azken egunerako antolatu ohi dituen bi ekitaldiak. Izan ere, batetik, atletismo erakustaldia egingo dute, eta bestetik, Milia proba izango da.
Hilaren 18an, Kuadrillen Egunean, 11:00etan hasita, atletismo erakustaldia eskainiko dute Xeyeko kirolariek Balda plazan; hainbat kirol modalitatetan ariko dira horiek, XX. edizioan.
Milia deituriko lasterketa, berriz, 13:00etan hasiko da. Hala nahi duten herritar guztiek izango dute lasterketaren XXI. edizioan parte hartzeko aukera, eta horiek hilaren 18an bertan eman beharko dute probarako izena, Balda plazan.