Labezomorroen izurriteari aurre egiteko, estolderia sarean lanean ari dela adierazi du ohar bidez Azkoitiko Udalak gaur, osteguna. Irabia enpresak, udalaren enkarguz, hilero egiten zituen lehen ere herrian intsektuak eta arratoiak hiltzeko lanak. Orain, labezomorroen aurkako "tratamendua eta aplikazio maiztasuna areagotu" egin ditu erakundeak, eta aurrerantzean, "bi astez behin" egingo dituzte lan horiek.
Udalak azaldu du "uda urte sasoi aproposa" dela labezomorroak areagotzeko. "Izurrien kontrolean eta prebentzioan adituak diren Irabiako langileen arabera, normala da udan labezomorro beltza kanporantz ateratzea, kutxatilen barruan bero handia biltzen delako. Beroagatik ateratzen dira. Kutxatiletan, berez, egon beti daude labezomorroak. Labezomorroa arratoiarekin bizi da. Eta, garai honetan, ilunabarrean edo gauean irteten dira batez ere. Udalerri guztietako arazoa da".
Erakundeak adierazi du likido intsektizida kontzentratu bat bota ohi dutela kutxatiletako hormetan labezomorroen presentzia murrizteko. "Tratamendua kutxatiletan aplikatzen dugu. Produktu toxikoa denez, segurtasuna bermatu beharra daukagu. Horregatik, ezin dugu likidoa nahi dugun tokian aplikatu, ez dezan inork ukitu", azaldu dute Irabiatik.