Hitz bitan

Cruz Alberdi: "Hamburgok lan aukera zabala eskaintzen du"

Andoni Elduaien 2023ko abu. 24a, 09:38

Cruz Alberdi. (Utzitakoa)

Cruz Alberdi (Azkoitia, 1997) iazko azaroan joan zen Hamburgora (Alemania) bizitzera. Aeronautika sektoreko enpresa batean egiten du egun lan. "Aldaketa handia" izan da harentzat Azkoititik Hamburgora jauzi egitea. Maxixatzen aldizkariaren abuztuko zenbakian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Alemanian bizi zara joan den azaroaz geroztik. Lan bila jo al zenuen atzerrira?

Esperientzia berri baten bila etorri naiz Alemaniara, baina hona bizitzera etorri aurretik lan finko bat aurkitzea nahi nuen. Garbi nuen ez nintzela lan finko bat aurkitu aurretik etorriko, eta denbora batez bila jardun eta gero, aukera eman zidan egun lan egiten dudan enpresak. Azarotik aeronautika sektorean jarduten duen Hamburgoko enpresa batean egiten dut lana. Halako enpresa ugari dago hemen; izan ere, aeronautika sektoreko Europako hiri garrantzitsuenetarikoa da Hamburgo.

Zein da zure egitekoa enpresa horretan?

Nire zeregin nagusia da hegazkinen lurreratze sistemen piezak erostea eta hornitzaileekin negoziatzea. Lan polita da, eta asko ari naiz ikasten sektorearen funtzionaltasunaz; industria modu berri batekin egin dut topo. 

Aldaketa handia izan al da zuretzat horra joatea?

Ia bi milioi biztanle dituen hiri batera joatea aldaketa handia izan da. Eguneroko bizitza berregitera eraman nau: jende berri asko ezagutu dut, lagun berriak egin ditut, nire ama-hizkuntza ez den beste bat erabiltzen dut egunerokoan, ordutegiak nahiz ohiturak desberdinak dira, hirian zehar metroan mugitzen naiz... Hasiera batean ez da erreza halako aldaketetara ohitzea, baina esfortzua eginda, ohitu egiten da bat denborarekin.

Zer moduzko hiria da Hamburgo bizitzeko?

Harrituta geratu naiz duen potentzialarekin. Pentsatzen nuena baino askoz ere handiagoa da, eta etenik gabe ari da hazten. Gainera, bere izaera oso lotuta dago portuarekin nahiz haren historiarekin, eta nazioartekoa da. Futbolak ere pisu handia du Hamburgon. Txoko berriak ezagutzen ari naiz hirian, eta egunero daude ekintza desberdinak egiteko. Ordea, nahiko garestia da; gazte askok arazoak dituzte apartamentuak lortzeko, eskuragarri direnak gutxi eta garesti baitaude. Eguraldia ere ez da nahi bezain ona izaten batzuetan.

Zer du Hamburgok Azkoitiak ez duena? Eta alderantziz, zer du Azkoitiak Hamburgok ez duena?

Hamburgok lan aukera zabala eskaintzen du, jatorri desberdinetako jendea bizi da, guztia eskuragarri dago, historia interesgarria dauka eta hirian nahiz atzerrira bidaiatzeko erraztasun ugari eskaintzen ditu. Anonimotasun eta askatasun sentsazioa eskaintzen du, gainera. Bestalde, Azkoitiko giro herrikoi eta bakar hori sumatzen dut faltan batzuetan, hala nola familia eta betiko lagunak gertu izatea. Alderik handiena, baina, gastronomian nabaritu dut; Azkoitian askoz hobeto jaten da. Hamburgon ez diote garrantzi handirik ematen janariaren kalitateari.

Alemania lanarekin eta seriotasunarekin lotu ohi da sarritan. Horrela al da?

Lanak pisu handia du alemaniarren kulturan. Haientzat ezinbestekoak dira puntualtasuna, planifikazioa eta efizientzia. Aurrezteari ere garrantzi handia ematen diote; II. Mundu Gerra osteko garaitik omen dute joera hori. Lanetik kanpo jendea ezagutzeko aukera izan dut, eta ez dirudien arren, jende alaia eta parranderoa ezagutu dut; seriotasuna lanean uzten dute.

Alemana ikasten ari zara. Hizkuntza zaila al da ikasteko?

Duela hiru urte inguru hasi nintzen alemana ikasten, pandemia garaian etxean asperturik nengoen batean. Alemana ikastea ia ezinezkoa dela pentsa daiteke hasieran, baina esfortzua eginda lor daiteke. Alemaneko klaseetara joaten naiz, telebista alemanez ikusten dut, berriak alemanez irakurtzen saiatzen naiz... Horrela ari naiz hobetzen pixkanaka. Oinarrizko elkarrizketak-eta ulertzeko ez dut arazo handirik, baina aldi berean, asko dut oraindik hobetzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide