Balda dorretxeko San Inazioren kaperak 100 urte bete ditu aurten, eta mendeurrena ospatzeko, dorretxeko elizatxoko ateak zabaldu dituzte gaur eguerdian. Hain zuzen ere, 12:00etatik 14:00etara, nahi zuten herritar guztiek izan dute hara sartzeko aukera, eta 12:30etan hasita, bisita gidatua ere egin dute Juan Bautista Mendizabal historialari eta Azkoitiko kronista ofizialaren eskutik.
Jakinminak bultzatuta, herritar ugari bertaratu da Balda dorretxera Mendizabalen azalpenak entzutera, eta historialariak gustura jardun du garai bateko gertakariak eta pasadizoak gogora ekartzen.
Hurrengo bisita gisatua, abuztuaren 13an
Azkoitiaren historiari buruz gehiago jakiteko interesa dutenek, abuztuaren 13an izango dute hurrengo aukera, ordurako antolatu baitute Azkoitia: jauregi eta dorretxeen hiribildua bisita gidatua. 12:00etan abiatuko dira Andre Mariaren Jasokundeko parrokiko ataritik, eta ordu eta erdi inguruko ibilaldia egingo dute. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta, 688 75 94 29 zenbakira Whatsapp mezu bat bidalita edo i-loiola@urolaturismoa.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita.