Azkoitiko Udalak balio anitzeko bi peoi kontratatzeko hautaketa prozesua abian du gaurtik. Lanbide enplegu zerbitzuak diruz lagunduta kontratatuko ditu beharginok udalak. Lanpostu horietarako izena eman nahi dutenek aurrez izena emanda egon behar dute Lanbiden, lan eskatzaile gisa. Horrez gain, ahozko euskara maila ertaina eskatuko zaie, eskolatze ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta lorezaintzan esperientzia izatea ere eskakizunen artean sartu dute.
Udalak kontratatu nahi dituen langileen profilak ere zehaztu dituzte: gizon bat eta emakume bat kontratatuko dituzte, eta gutxienez bietako batek 45 urte baino gehiago izan beharko ditu.
Besteak beste, sasiak garbitzen, pistak egokitzen, ateak eta hesiak konpontzen, landa bideetako bidegurutzeetan seinaleak jartzen edota iturriak konpontzen arituko dira kontratatuko dituzten bi langileak. Lanaldi osokoak eta sei hilabeteko iraupenekoak izango dira bi kontratuak.
Lotura honetan eman behar dute izena Azkoitiko Udalaren eskaintzan interesa dutenek. Abuztuaren 23a izango da izea eman ahal izateko azken eguna.