Eragile ugarik egin dute bat Maxixatzen elkartearen biharko agerraldiarekin

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 26a, 17:20

Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen mintegia Elkargunean, joan den ekainean. (Ane Olaizola)

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskal Udal Legearen auzian eman berri duen epaia eta ildo beretik etorri diren besteen haritik deitu du agerraldia Azkoitiko euskaldunen elkarteak plazan, 19:00etan.

Azken boladan ugaritu diren "euskaldunon aurkako epai bidegabeak", eta bereziki Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskal Udal Legearen auzian eman berri duena dela eta, agerraldia egingo du bihar arratsaldean Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak herriko plazan, 19:00etan.

Euskararen erabilera eta, horrekin, euskaldunen hizkuntz eskubideak oztopatzen dituzten azkenaldiko hainbat epaik kezka eragin dute, euskalgintzan zein hainbat erakundetan, eta kezka horren adierazle izango da Azkoitian Maxixatzenek bihar egingo duen agerraldia.

Biharko ekimenari indarra emateko babes eta atxikimendu bila aritu da eta ari da euskara elkartea azken egunotan, eta agerraldiaren bezperan, gustura daude jasotako erantzunarekin: zenbaiten baieztapenaren zain, kultur, gizarte, kirol zein politika arloetako Azkoitiko 30 bat eragilek egin dute dagoeneko bat Maixatzenen agerraldiarekin. "Orain arte taldeetatik eta norbanakoetatik Maxixatzen elkartea jasotzen ari den erantzunak adierazten du beharrezkoa zela deialdia egitea. Ostegunera bitartean jarraituko du elkarteak beraien parte hartzea baieztatzea falta duten elkarteen erantzunak jasotzen. Era berean, elkarteak gonbidapena luzatu nahi die Maxixatzenekin lotura izan duten norbanakoei ere", zioen elkarteak herenegun.

Adierazpen bateratua udalean

Maxixatzenek agerraldia egin bezperan, Azkoitiko Udalean ere hizpide izango dute Auzitegi Konstituzionalaren epaia.

Gaur egingo duten uztaileko ohiko udalbatzarrean, EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeek hizkuntza eskubideen aurkako epai horren aurrean aurkeztutako adierazpena landuko dute, besteak beste.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide