Guardia Zibilak Joxean Larrañaga Azkoitiko apaizaren gorpua aurkitu du gaur goizean mendian, Panticosan (Espainia). Izatez Debakoa zen Larrañaga, eta 67 urte zituen. Oñatiko parrokoa izan zen 2008-2019 urtera bitartean, eta orduz geroztik, Azkoitian bizi zen, apaiz etxean, hain zuzen ere.
Atzo arratsaldetik ari ziren larrialdi zerbitzuak haren bila. Izan ere, atzo mendi buelta egitera atera zen beste bi lagunekin batera, baina une jakin batean lagunengandik urrundu eta desagertu egin zen. Guardia Zibilak zehaztu duenez, lagunek ezin izan zuten osasun arazoak zituen apaiza aurkitu, eta horregatik hasi zuten bilaketa Mendiko Erreskate Taldekoek, bilaketetan espezializatutako txakurrekin eta Guardia Zibilaren aireko unitatearekin batera.
Goizaldean, 03:00 aldean, utzi dituzte bilaketa lanak, gaur goizean berriro ekiteko. Hain zuzen ere, 11:15 aldean aurkitu dute apaizaren hilotza, Picos Faceras eremuko amildegi batean.