Frantziako Atelier Lyrique de Nanterre abesbatzak eta Marc Meisel organista suitzarrak doako kontzertua eskainiko dute zapatuan, hilak 22, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian (20:00). Saskia Salembier mezzo-soprano eta biolinista barrokoak zuzenduko du emanaldia.
Errepertorio zabaleko taldea da, barroko garaitik hasi eta gaur arteko musika hartzen baitu. Urtero, uda garaian, lurralde berriak ezagutzeko tradizioa dauka dozena bat abeslarik osatutako talde honek. Aurten, Gipuzkoako organoen ondasun aberatsak erakarrita etorri dira Euskal Herrira, Marc Meisel organista suitzarrak lagunduta.
Parrokiako organoari omen eginez, Franz Listzen Via Crucis obra aurkeztuko dute. Organoentzako eta ahotsentzako idatzitako obra hori Franz Liszt konpositorearen lanik originalenetako eta ausartenetakoa da. Kantu gregorianoan eta Bachen koruetan aurkitu zuen inspirazioa, eta, aldi berean, iraultza atonala aurreratzen duten harmonia modernoetan konposatu zuen Via Crucis obra. Atmosfera soila bezain musikalki aberatsa eskainiko dute kontzertuak.