Iban Larrañagak, erremonteko binakako egungo txapeldunak, beste final bat jokatuko du bihar. Oriamendi enpresak, erremontearentzat zale berriak bereganatzeko asmoarekin, Jai Alai Summer Season izeneko txapelketa antolatu du aurten uda sasoirako, ohiko San Fermin Torneoaren ordez, eta txapelketa berri horren finalerako sailkatu da azkoitiarra, Azpirozekin bikotea osatuta.
Txapelketa honetan aurrelari lanetan ari den Barrenetxea eta Juanenea izango dituzte aurrean bihar Larrañagak eta Azpirozek. Lau bikotek parte hartu dute txapelketan eta denak denen kontra aritu dira sailkapen ligaxkan; biharko bi finalisten arteko neurketa Larrañagak eta Azpirozek irabazi zuten.
Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan 21:00etan hasiko den jaialdiaren bigarren partida izango da Jai Alai Summer Seasonen finala.