Oporrak Bakean programari esker, astelehen goizean iritsi ziren Mendebaldeko Saharako haurrak Bilboko Loiu aireportura. Loiuko pilotalekuan gosaldu ondoren, harrera familiek hartu zituzten, eta dagoeneko beren udako etxeetan daude. Azkoitira 8 eta 9 urte arteko hiru haur etorri dira Darahli elkarteak bideratuta. Abuztuaren bukaera arteko egonaldia izango dute.
Darahli elkarteko Samuel Ruizek nabarmendu du, uda pasatzera Euskal Herrira etorriko diren haurrak desertuaren erdian kokatuta dagoen errefuxiatuen kanpamentuan dagoen "bero itogarritik salbu" egongo direla hilabetez. Horrez gain, medikura joango dira eta elikadura osasuntsuaz gozatzeko aukera izango dute.