Goizetik iluntzera arteko ekintzekin ospatuko dute zapatuan Beltzen Eguna

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 12a, 08:58

Iazko Beltzen Eguneko familia argazkia. (Nerea Uranga)

Egitarau zabala prestatu dute bigarren urtez jarraian Tta-kun areto futbol taldeko kideek Beltzen Eguna ospatzeko. Goizean, areto futbol txapelketaren finala jokatuko dute. Egurdian, jaia kalera eramango dute, triki-bertso poteoa, bazkaria, jolasak eta musika emanaldiak nahiz kalejirak izango baitira herriko kaleetan.

Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak Beltzen Eguna ospatuko du bigarrenez datorren zapatuan, uztailak 15. Areto futbol taldeak Tta-kun AFE Zaleen Txapelketa antolatu du aurten ere, eta larunbateko egunarekin borobilduko dute lau astez luzatu den txapelketaren festa.

Beltzen Eguna ospatzen hasteko, areto futbol partidak izango dira Elkargunean. 10:00etan, afizioak hautatutako taldeen arteko finala jokatuko dute Elkargunean; jarraitzaile guztien artean beraien bi talde gustukoenak hautatuko dituzte, eta horiek Afizioaren sariagatik egingo dute borroka. 10:45ean, berriz, Tta-kun AFE Zaleen Txapelketaren final nagusia jokatuko dute kantxa horretan bertan. Gainera, Romerinho DJak jarriko du musika goizean Elkargunean.

Finala jokatutakoan, kalera eramango dute jaia; izan ere, 12:00etan hasita, triki-bertso poteoa egingo dute herriko kaleetan zehar; Naia Arrizabalaga eta Jon Gurrutxaga arituko dira bertsotan. 14:30ean, bazkaria egingo dute txapelketan parte hartu duten taldeetako ordezkari guztiek Berdura Plazan. Bazkalostean, berriz, areto futbol txapelketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute Plazaberrin.

Arratsaldean, musikak lagunduta luzatuko dute jaia. 16:30etik aurrera, musika jartzaileek girotuko dute Plazaberri; izan ere, Albi, EE Arolur eta Murxi DJak arduratuko dira musika jartzeaz. Bien bitartean, 19:30 ingurura arte, askotariko jolasak egingo dituzte kale horretan bertan. Iaz bezala, elektrotxaranga baten kalejirarekin itxiko dute Beltzen Eguna. astinduko ditu festazaleak, 19:30etik aurrera. Festa jai giroan ospatzeko, kalera Tta-kun taldearen elastikoarekin edo kamiseta beltzarekin irteteko eskatu dute antolatzaileek.

Ekainaren 22an ekin zioten txapelketari Elkargunean, iazko talde irabazleari aitortza eginda. Multzoen faseko partidak jokatzen aritu dira harrezkero, eta atzotik, azken faseetako kanporaketak ari dira jokatzen. Ostiralean iritsiko da finalerdien txanda. Iazko parte hartzea bikoiztu egin da bigarren txapelketa honetan; izan ere; 300 lagunek –229 gizonek eta 71 emakumek– eman dute izena 33 taldetan banatuta.

Tta-kun areto futbol taldeak honako egitaraua antolatu du larunbaterako:

  • 10:00etan, afizioak hautatutako taldeen arteko finala, Elkargunean.
  • 10:45ean, II. Tta-kun AFE Zaleen Txapelketaren final nagusia, Elkargunean. Romerinho DJak girotuko du finala.
  • 12:00etan, triki-bertso poteoa herriko kaleetan zehar, Naia Arrizabalaga eta Jon Gurrutxaga bertsolariekin.
  • 14:30ean, bazkaria, Berdura Plazan.
  • Ondoren, sari banaketa ekitaldia, Plazaberrin.
  • 16:30etik 19:30era, jolasak eta Albi, EE Arolur nahiz Murxi DJak, Plazaberrin.
  • 19:30etik aurrera, Elektrotxorongo elektrotxaranga, herriko kaleetan zehar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide