Mikel Arzalluz futbolariak Gernika taldean jokatuko du datorren denboraldian

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 11a, 10:15

Mikel Arzalluz, Langreorekin jokatutako partida batean. (Langreo)

Pasa den denboraldian Asturiasko (Espainia) Langreo taldean aritu da futbol jokalari azkoitiarra. Berriz ere Euskal Herrira itzuli da aurrelaria, Gernikako (Bizkaia) taldean jokatzeko.

Mikel Arzalluz futbol jokalari azkoitiarrak Gernika taldean jokatuko du datorren denboraldian. Gernikako (Bizkaia) futbol taldeak atzo, astelehena, iragarri zuen haren fitxaketa sare sozialen bidez.

Asturiasko (Espainia) Langreo taldean jokatu du azken denboraldia Arzalluzek, eta maila onean aritu da; izan ere, Langreok Bigarren RFEF Mailari eusteko balio izan dute azkoitiarrak han egin dituen hamar golek. Gernika futbol taldeak sare sozialetan adierazi duenez, "beste eskaintza batzuk baztertu" ditu Arzalluzek uda honetan, gernikarrekin fitxatu ahal izateko.

2021eko udan atera zen Arzalluz Anaitasuna futbol taldetik Getxoko (Bizkaia) Arenas taldera. Lau gol egin zituen talde horretan, eta iaz Langreorako bidea hartu zuen. Kategoria berean, baina maila bat gora eginda aritu da Langreon futbolari azkoitiarra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide