Azkoitiko lurretatik igaro da Ehunmilak mendi lasterketa

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 8a, 10:35

Probako parte jartzaile bat Madariagako igarotze kontrolean. (Anaitasuna mendi bazkuna)

Aurreikusita baino bi ordu beranduago iritsi ziren mendi korrikalariak Azkoitira; izan ere, lasterketari ekiteko ordua bi orduz atzeratu zuten. Gorlatik eta Madariaga auzotik igaro ziren korrikalariak bart. 

Ehunmilak Ultra Trailaren hamabigarren edizioa atzo, ostirala, abiatu zen Beasainen (Gipuzkoa). Dena den, ez zuen beste urteetako hasiera izan. Ekaitz arrisku handia tarteko, irteera bi orduz atzeratu zuten antolatzaileek, eta 20:00etan hasi zuten lasterketa parte hartzaileek. Hori horrela, gainerako anoa guneetako eta igarotze kontroletako paso orduak ere bi orduz atzeratu ziren, tartean Azkoitikoak. 

23:00 inguruan igaro ziren mendizaleak Gorlatik –lasterketako 29. kilometroa–, eta handik Madariagara zuzendu ziren –probaren 43. kilometroa–; gauerdia iritsi bezain pronto hasi ziren lehen korrikalariak hara iristen. Madariagan, gainera, igarotze kontrola ezarri zuten, eta parte hartzaileek beraien izena erregistratu behar izan zuten. 

Helmugara iristeko 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibela dituen ibilbidea osatu beharko dute mendi lasterkariek. Korrikalariak bakarrik ez ziren protagonista izan atzo; izan ere, hainbat herritarrek jardun zuten atzo boluntario lanetan bai Gorlan, bai Madariagan.

Atzo Madariagan boluntario lanetan aritu ziren zenbait lagun. (Anaitasuna mendi bazkuna)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide