Zehaztu dituzte agintaldi berriko udal batzordeak eta liberazioak

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 4a, 11:25

Hautetsi guztiek parte hartu zuten atzo arratsaldeko udalbatzarrean. (Andoni Elduaien)

Kargua hartu berri duten udal ordezkariek udalbatzarren maiztasuna, batzordeen eraketa, ordainsariak, batzorde informatzaileak osatzea eta udalaren menpeko erakundeetarako ordezkariak izendatzea izan zituzten hizpide atzo. EH Bilduk EAJren proposamena babestu zuen ia bere osotasunean, baina soldaten inguruko puntuan abstentziora jo zuen.

Joan zen ekainaren 17ko udalbatzaren osaketaren eta kargu hartze ekitaldiaren ostean, martxan dira 2023-2027 agintaldiko udal ordezkariak. Atzo, astelehena, udalaren antolaketa zehazteko ezohiko udalbatzarra egin zuten udaletxeko bilkura areto nagusian. EAJko, EH Bilduko, Azkoitia Bai herri plataformako nahiz PSE-EEko hamazazpi hautetsiek parte hartu zuten batzarrean. EAJk egindako antolaketa proposamena ahalbidetu zuten EH Bilduk eta PSE-EEk; aldiz, Azkoitia Bai herri plataformak aurka bozkatu zuen.

EH Bilduko Iraitz Otañok adierazi zuen "adostasunerako irekita" egon direla azken asteetan. "Akordioetarako ez dugu izan marra gorririk. Negoziaketa baten ondorioz, herrirako lorpen batzuk lortu ditugu", hasi zen Otaño. Soldatak zehazteko puntuan abstentziora jo zuen koalizioak, baina jeltzaleek egindako gainerako puntu guztiak babestu zituen. Hala arrazoitu zuen Otañok: "Eztabaida handiena sortu izan duen gaia da korporazioko kideen soldatena. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela mahai gainean jartzea EAJrekin lortu dugun akordioari esker, osotasun batean %14ko jaitsiera izango dela soldaten gastuan; urtean ia 70.000 euro aurreztea suposatzen du horrek, agintaldi osoan ia 300.000 euro".

Dena den, EH Bilduk Udal Gobernuaren soldaten zenbateko orokorrean "jaitsiera handiagoa" eman behar zela adierazi zuen, nahiz eta "%25 inguruko jaitsiera lortu" duten. "Ez dira EH Bilduk nahi zituen zenbakiak, jaitsiera handiagoa nahi genuen eta. Ordea, negoziaketetan hartu-eman bat egon ohi da, eta inor konforme ateratzen ez den akordioa, akordio ona izaten dela esaten dute". Hori horrela, eta "asetzen ez" dituela adierazita, abstentziora jo zuten koalizioko zinegotziek. PSE-EEk ez zuen arrazoitu bere botoa, baina sozialisten Janire Igoa zinegotzia ere abstenitu egin zen. 

Bestalde, Azkoitia Bai herri plataformak joan den astean argitu zuen EAJren proposamenaren aurka egingo zuela bere osotasunean, eta halaxe egin zuen atzo. Hala arrazoitu zuen Jose Joakin Etxanizek: "Gutxieneko batzuk markatu genituen, eta adostasunik ezean, garbi utzi genuen aurka bozkatuko genuela".

Proposamenak "marra gorririk gabe" egiten direla adierazi zuen bere aldetik Ana Azkoitia alkateak, eta hain justu, horretan desberdindu zituen hark EH Bildu eta Azkoitia Bai. "Marra gorriak dauden negoziaketak ez dira negoziaketak. Azkoitia Baik esan du gutxieneko batzuk ez direla bete; ordea, ez dira gutxienekoak, zuenak onartzen dira edo ezer ez. Horregatik, nekeza egin zaigu adostasunetara iristea. EH Bilduk antolaketa bideratuko zigula esan zigunez, aurrera egitea erabaki dugu; izan ere, haiek egindako proposamena negoziagarria izan da hasieratik. Eskertzekoa da hori".

Udal batzordeak

Lau batzorde informatzaile izango ditu Azkoitiko Udalak agintaldi berrian: Antolakuntza Batzordea, Gizarte Batzordea, Lurralde Batzordea eta Herritarrak Batzordea. EAJko nahiz EH Bilduko hiruna zinegotzik, Azkoitia Baiko bik eta PSE-EEko batek parte hartuko dute batzorde bakoitzean. Dena den, batzorde informatzaile berezi bat ere eratu dute, udalaren urteko kontuak aztertuko eta oniritzia emango dien Kontuen Batzorde Berezia. Hain justu, Antolakuntza Batzordeko kideek osatuko dute batzorde berezi hori. Honela osatu zituzten batzordeak:

  • Antolakuntza Batzordea:
    • Batzorde barruko sailak: Ogasuna, Barne Antolakuntza, Pertsonala, Kontratazioa, Parte hartzea, Komunikazioa, Herritarren Arreta Zerbitzua, Memoria Historikoa eta Ondarea.
    • Ordezkariak: Ana Azkoitia, Sonia Vazquez eta Juan Bautista Mendizabal (EAJ); Iraitz Otaño, Asier Altuna eta Itziar Larrañaga (EH Bildu); Jose Joakin Etxaniz eta Janire Astigarraga (Azkoitia Bai), eta Janire Igoa (PSE-EE). 
  • Lurralde Batzordea:
    • Batzorde barruko sailak: Hirigintza, Ingurumena, Landa Garapena, Obrak eta Zerbitzuak, Segurtasuna, Enplegua-Iraurgi Berritzen, Merkataritza eta Turismoa.
    • Ordezkariak: Imanol Arrizabalaga, Ana Azkoitia eta Juan Bautista Mendizabal (EAJ); Iraitz Otaño, Asier Altuna eta Jon Bastarrika (EH Bildu); Jose Joakin Etxaniz eta Nerea Machado (Azkoitia Bai), eta Janire Igoa (PSE-EE). 
  • Herritarrak Batzordea:
    • Batzorde barruko sailak: Kultura, Gazteria, Kirolak, Festak, Euskara eta Hezkuntza.
    • Ordezkariak: Sonia Vazquez, Marijose Arregi eta Igor Isuskiza (EAJ); Iraitz Otaño, Ainara Goenaga eta Nagore Orbea (EH Bildu); Jose Joakin Etxaniz eta Nerea Machado (Azkoitia Bai), eta Janire Igoa (PSE-EE). 
  • Gizarte Batzordea:
    • Batzorde barruko sailak: Gizarte Zerbitzuak, Integrazioa, Berdintasuna eta Prebentzioa.
    • Ordezkariak: Sonia Vazquez, Mertxe Zubillaga eta Marijose Arregi (EAJ); Iraitz Otaño, Asier Altuna eta Itziar Larrañaga (EH Bildu); Jose Joakin Etxaniz eta Janire Astigarraga (Azkoitia Bai), eta Janire Igoa (PSE-EE). 

Ardurak eta liberazioak

Alkatearen eta zinegotzien liberazioak ere zehaztu zituzten udalbatzarrean. Azkoitia alkateak %100eko dedikazio esklusiboa izango du datozen lau urteetan, eta hark jasoko duen ordainsaria Eusko Jaurlaritzaren zuzendari karguari dagokion bera izango da, betiere EH Bildurekin adostutako %10eko jaitsierarekin. Hori horrela, 70.136 euroko soldata gordina jasoko du urtean alkateak.

Hona hemen liberatutako Udal Gobernuko batzordeburuen eta zinegotzien zerrenda nahiz haien ordainsarien zenbatekoak: 

  • Ana Azkoitia alkatea eta Antolakuntza Batzordeko burua:
    • Ardurak: Ogasuna, Barne Antolakuntza, Pertsonala, Kontratazioa, Parte hartzea, Komunikazioa eta Herritarren Arreta Zerbitzua.
    • Liberazioa: %100ean liberatuko da, eta 70.136 euroko soldata gordina jasoko du urtean. 
  • Sonia Vazquez, Gizartea eta Herritarrak batzordeetako burua:
    • Ardurak: Gizarte Zerbitzuak, Integrazioa, Kultura eta Gazteria sailetako zinegotzi delegatua.
    • Liberazioa: %90ean liberatuta, 46.526 euroko soldata gordina jasoko du urtean.
  • Imanol Arrizabalaga, Lurralde Batzordeko burua:
    • Ardurak: Ingurumena, Landa Garapena, Obrak eta Zerbitzuak sailetako zinegotzi delegatua.
    • Liberazioa: %100ean liberatuko da, 51.696 euroko soldata gordina jasoz urtean. 
  • Mertxe Zubillaga:
    • Ardura: Berdintasuna eta Prebentzioa saileko zinegotzi delegatua.
    • Liberazioa: %50ean liberatuko da, eta 25.848 euroko soldata gordina jasoko du urtean. 
  • Igor Isuskiza:
    • Ardura: Kirola eta Festak sailetako zinegotzi delegatua.
    • Liberazioa: %50ean liberatuko da, eta 25.848 euroko soldata gordina jasoko du urtean. 
  • Juan Bautista Mendizabal:
    • Ardurak: Turismoa, Ondarea, Memoria Historikoa sailetako eta Azkoitia 700 proiektuko zinegotzi delegatua.
    • Liberazioa: %50ean liberatuko da, eta 25.848 euroko soldata gordina jasoko du urtean. 

Oposizioak ere liberatuak izan ditzake datorren agintaldian, baina udalbatzarrean ez zituzten zehaztu zein izango diren alderdi bakoitzaren ordezkariak, ezta liberazio horiek onartuko dituzten ere. Hori horrela, EH Bilduko ordezkariak %100ean liberatzeko aukera du, eta 46.526 euroko soldata gordina jasoko luke urtean. Azkoitia Baiko ordezkariak %50ean liberatzeko aukera du, eta 23.273 euroko soldata gordina jasoko luke urtean. PSE-EEko ordezkaria, berriz, %15ean liberatzeko aukera du, eta urtean 6.978 euroko soldata gordina jasoko luke. 

Erakundeetako ordezkariak

Hainbat dira Azkoitiko Udalaren menpeko erakundeak, eta horietan udal ordezkariek duten ordezkaritza ere zehaztu zuten atzo. Hona hemen erakundeetako ordezkariak: 

  • Zubiaurre Elkargunea:
    • EAJ: Ana Azkoitia, Sonia Vazquez eta Igor Isuskiza.
      • Presidentea: Ana Azkoitia.
      • Presidenteordea: Sonia Vazquez.
    • EH Bildu: Iraitz Otaño, Nagore Orbea eta Ainara Goenaga.
    • Azkoitia Bai: Jose Joakin Etxaniz eta Nerea Machado.
    • PSE-EE: Janire Igoa.
  • Iraurgi Lantzen: alkateak eta talde politiko bakoitzeko zinegotzi banak izango dute ordezkaritza dute.
    • EAJ: Ana Azkoitia –alkatea– eta Sonia Vazquez.
    • EH Bildu: Asier Altuna.
    • Azkoitia Bai: Jose Joakin Etxaniz.
    • PSE-EE: Janire Igoa. 
  • Urola Erdiko Mankomunitatea: Azkoitiko Udalak hiru ordezkari izan behar ditu, estatutuen arabera.
    • EAJ: Ana Azkoitia.
    • EH Bildu: Asier Altuna.
    • Azkoitia Bai: Jose Joakin Etxaniz. 
  • Urola Erdiko Lapatx SA: Urola Erdiko Mankomunitateari dagokio Azkoitiko Udaleko bi ordezkariak izendatzea. Mankomunitatearen batzarrean egingo dute bozketa.
  • Antonio Oteiza fundazioa: alkateaz gain, udaleko lau ordezkari.
    • EAJ: Ana Azkoitia –alkatea– eta Sonia Vazquez (EAJ).
    • EH Bildu: Iraitz Otaño.
    • Azkoitia Bai: Jose Joakin Etxaniz.
    • PSE-EE: Janire Igoa.
  • Urola Industrialdea SA: Ana Azkoitia (EAJ).
  • Xabier Munibe Ikastola eta Haurreskola, Izarraitz Lanbide Heziketa eta Azkoitia BHI: Marijose Arregi (EAJ).
  • Ingurugiro Etxea fundazioa: Imanol Arrizabalaga (EAJ).
  • Ur Partzuergoa: Ana Azkoitia (EAJ).
  • Urkome: Imanol Arrizabalaga (EAJ).

Delegazioak eta bozeramaileak

Tokiko Udal Gobernu Batzordea nola osatuta egongo den ere jakinarazi zuten atzo. Ana Azkoitia alkateak, Sonia Vazquezek, Imanol Arrizabalagak (EAJ), Iraitz Otañok (EH Bildu), Jose Joakin Etxanizek (Azkoitia Bai) eta Janire Igoak (PSE-EE) osatuko dute batzorde hori. Horren gain, udal talde politiko bakoitzaren bozeramailea nor izango den ere adierazi zuten. Marijose Arregi izango da EAJren bozeramailea, Asier Altuna EH Bildurena, Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Bairena eta Janire Igoa PSE-EErena.

Bi delegazio orokor eta beste hainbat berezi izango dituzte zinegotziek agintaldi berrian, eta horrek zerikusi estua du alkateordetzarekin –Sonia Vazquez eta Imanol Arrizabalaga izango dira alkateordeak–; izan ere, delegazio orokor bat izan dezakete soilik Tokiko Udal Gobernu Batzarreko kideek. Batzorde horretan Sonia Vazquez Gizarte eta Herritarrak batzordeetako buruak eta Imanol Arrizabalaga Lurralde Batzordeko buruak izango dituzte delegazio orokorrak. Azken horrek Ingurumena, Landa Garapena, Obrak eta Zerbitzuak sailen delegazio orokorra izango du.

Delegazio orokorren barruan, delegazio bereziak ere eman zituzten atzo. Hain justu, Gizarte Batzordearen barruan delegazio berezia izango du Mertxe Zubillagak Berdintasunerako eta Prebentziorako; eta San Jose egoitzaren proiekturako, Jose Joakin Etxanizek.

Herritarrak Batzordearen barruan, berriz, bi delegazio berezi eman dituzte: Igor Isuskizak Kirolak eta Festak sailen delegazio berezia izango du, eta Marijose Arregik Euskararena eta Hezkuntzarena. Lurraldea Batzordearen barruan delegazio berezia izango du Jose Joakin Etxanizek Ingurumen Mahairako. Era berean, batzorde horren barruan sartu dute Turismoa delegazioa, eta Juan Bautista Mendizabalek izango du horren delegazio berezia. Antolakuntza Batzordean ere bi delegazio berezi izango dira. Alde batetik, Ondarea, Memoria Historikoa eta Azkoitia 700 proiekturako delegazioa izango du Juan Bautista Mendizabalek; eta aurrekontu parte hartzaileen delegazioa, berriz, Jose Joakin Etxanizek izango du.

Bestelako ordainsariak 

Dedikazio esklusiboa edo partziala ez duten zinegotziek dietak jasoko dituzte udalbatzarretara edota Tokiko Udal Gobernu Batzarraren nahiz batzorde informatzaileen bilkuretara joateagatik. Udalbatzarrera joateagatik 100 euro jasoko dituzte zinegotziek, eta 50 euro batzordeetara edo Tokiko Udal Gobernu Batzarrera joaten badira. Hala eta guztiz ere, zinegotziek modu horretan urtean jaso dezaketen gehieneko kopurua 5.000 euro izatea zehaztu zuten. Talde politikoen diru kopuruak ere izendatu zituzten udalbatzarrean. Udal talde politiko bakoitzaren hileko diru izendapena 570 eurokoa izango da, eta zinegotzi bakoitzeko talde izendapena, hileko 175 eurokoa. 

Horrez gain, behin-behinekoak edo ebentualak diren lanpostu kopuruak eta horien ezaugarriak nahiz ordainsariak ere finkatu zituzten. Aurreko agintaldian bezala, udalak behin-behineko bi lanpostu izango ditu agintaldi berrian ere. Hain justu, alkatearen idazkariaren eta komunikazio arduradunaren lanpostuak dira horiek; %100eko jarduna izango dute biek ala biek, eta 41.444 euroko soldata. EAJ eta EH Bilduren botoekin atera zuten aurrera lanpostuen puntua; izan ere, PSE-EEk abstentziora jo zuen eta Azkoitia Baik aurka bozkatu zuen. 

Udalbatzarrak, goizago

Aurreko agintaldian bezala, Azkoitiko Udalak hileko azken asteazkenetan egingo ditu ohiko udalbatzarrak. Hilabeteko maiztasunarekin egingo dituzte bilkurak, abuztuan eta abenduan izan ezik. Dena den, bada aldaketa bat; izan ere, aurreko agintaldian udalbatzarrak 19:00etan izaten baziren ere, agintaldi berrian bilkurak 18:00etan egingo dituzte. Jaiegunak egokitzen diren hileko azken asteazkenetan edota jai bezperetan, berriz, hitzordua asteartera aurreratzea hobetsi dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide