Azkoitia Bai herri plataformak udal antolaketa zehazteko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2023ko uzt. 4a, 09:51

Azkoitia Baiko hautetsiak. (Ane Olaizola)

Azkoitia Bai plataformak udalaren antolaketa berria zehazteko uztailaren 3ko ezohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak dira honako hauek:

1.- Udalbatza plenoen ohiko bilkuren maiztasuna erabakitzea.

Azkoitia Bai herri plataformak garbi utzi zuen aurretik, antolakuntza udalbatzar honetan erabakitzen zena bere osotasunean hartuko zuela. Gutxiengo batzuk markatu genituen eta adostasunik ezean, aurka bozkatuko genuela garbi utzi genuen. Beraz, gaurko bilkura honetan eztabaidatuko diren punturen bat onartzen bada, ez da gure oniritziarekin izango, guk ezetz bozkatuko baitugu.

2.- Batzorde informatzaileen eraketa.

Memoria Historikoa eta Ondarea sailak beti joan izan da kulturarekin batera, ez du inongo zentzurik Ogasunean joatea. Batzordeak ez dira eratu edo antolatu behar gobernuan sartu nahi ditugun pertsonen arabera; bertan jorratuko diren gaiek nolabaiteko koherentzia izan behar lukete. Ez du zentzu handirik, eta ezetz bozkatuko dugu.

3.- Batzorde informatzaileen osaketa.

EAJk hiru kide, EH Bilduk hiru kide, Azkoitia Baik bi kide eta PSE-EEk kide bat izan beharrean, EAJk bi kide, EH Bilduk bi kide, Azkoitia Baik bi kide eta PSE-EE kide bat.

Nahikoa litzateke bakoitzari botoek eman diguten indar metaketa mantentzeko. Hauteskunde ondoren EAJ alderdiak proposatu zigunean, besteok gure oniritzia eman genion, baina aurreko puntuan bezala, hemen ere EAJk dituen pertsonen arabera hartu ditu erabakiak, eta gure ustez ez luke horrela izan behar. Beraz, ezetz bozkatuko dugu.

4.- Batzorde Informatzaile iraunkorren ohiko bilkuren maiztasuna erabakitzea.

Aurretik esan dugu erabakia bere osotasunean hartu dugula. Beste alderdiekin akordiorik lortu ez dugunez, antolakuntza honen aurka bozkatuko dugu.

5.- Udal korporazioaren ordezkarien izendapena egitea beste organo eta udalez kanpoko erakundeetan.

Ez gara inoiz beste alderdien antolakuntzan sartu, baina berriro diot, udal antolakuntzarekin ez gaude ados, oro har, eta ezetz bozkatuko dugu.

6.- Dedikazioen erregimen ekonomikoa, beste hautatuen asistentziengatiko dietak eta talde politikoen diru-izendapenak erabakitzea.

Beti esan izan dugu, liberazio denek ordainsari bera izan behar luketela, baita gure taldea liberaziorik ez zuen talde bakarra zenean ere. Bestalde, soldatek gutxienez %20ko jaitsiera izango ez balute ez genuela onartuko esan genuen, eta hori ere betetzen ez denez, ezetz bozkatuko dugu.

7.- Behin-behineko lanpostuen kopuru, ezaugarriak eta ordainsariak erabakitzea.

Gure taldea beti agertu izan da udal komunikazioaren aurka, herritarraren kontura, gobernuan egon diren alderdi denek propaganda egiteko erabili izan dutelako beti. Beraz, ezetz bozkatzen jarraituko dugu.

8.- Alkatetzaren ebazpenen berri ematea:

  • Alkate-ordeen izendapena.
  • Delegazioak.
  • Tokiko Gobernu batzarreko kideen izendapena.

9.- Udal talde politikoen eraketa eta haien bozeramaileen izendapenaren berri ematea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide