Azkoitia Gukaren zozketak

San Telmo Museorako sarrerak zozkatuko ditu Maxixatzenek

Erredakzioa 2023ko uzt. 3a, 11:30

Zozketak bi irabazle izango ditu, eta bakoitzak museorako bi sarrera eskuratuko ditu. Sarrera horiek urriaren 15era bitartean erabili ahal izango dituzte.

San Telmo Museoa ezagutzeko lau sarrera zozkatuko ditu Maxixatzenek bere bazkideen artean. Maxixatzenen zozketak bi irabazle izango ditu, eta bakoitzak museorako bi sarrera eskuratuko ditu. Sarrera horiek urriaren 15era bitartean erabili ahal izango dituzte.

Parte hartu nahi dutenek osteguneko 12:00ak arte dute izena emateko aukera, eta horretarako, honako lotura honetan eman beharko dute izena, edota, bestela, 943-56 01 64 telefonora deituta. Horrela egiten dutenek NA zenbakia eta zozketaren kodea tekleatu beharko dituzte. Kasu honetan, zozketaren kodea 40 da.

Hiru erakusketa

Gaur egun hiru erakusketa ditu ikusgai San Telmo Museoak:

Margotzeko bidaiatu. Sorolla Donostian (Urriaren 15era arte)

Joaquín Sorolla Donostiara dator berriro, hil zeneko mendeurrena gogoratzeko antolatutako ekintzen barruan. Valentziako margolari handiaren artelanak egin ziren lekuetan erakusteko, Museo Sorollak eta Museo Sorolla Fundazioak Sorolla. Margotzeko bidaiatu izeneko zenbait erakusketa programatu dituzte. Donostiakoa, San Telmo Museoarekin elkarlanean antolatu dena, proiektu honetako lehena da. Erakusketaren helburua da obrak sortu ziren leku berean ikusi ahal izatea museoaren funtsekin batera. 27 kolore-ohartxo eta 10 mihise biltzen ditu, bai eta garaiko dokumentu eta argazki sorta bat ere.

Bizikletak. 150 urte (Abuztuaren 6ra arte)

Tourra Euskal Herrian hastearekin bat eginez, Bizikletak. 150 urte erakusketak Amador Tolosaren bildumako 80 bat bizikleten aukeraketa bat erakusten du. Pieza historikoak dira, eta haien bilakaera, Euskal Herrian sortutako markak, eta erabilera eta lanbide desberdinetara bideratutako bizikletak ikusteko aukera ematen digu erakusketak; baita, kirol-arloan, zenbait gertaera gogoangarritako protagonista izan diren piezak ere.

Clima ideal. Udako kartelak (Urriaren 15era arte)

Clima ideal. Udako kartelak erakusketak 1880ko eta 1960ko hamarkaden artean sortutako 250 bat kartel, eskuorri eta egitarauen aukeraketa bat aurkezten du. Urte horietan ilustrazio grafikoak Donostia eta, hedaduraz, Gipuzkoa helmuga turistiko gisa iragartzeko hartu zuen protagonismoa erakusten du. Mikel Lertxundi Galianak egin ditu komisario lanak eta San Telmo Museoan bisitatu ahal izango da uztailaren 1etik urriaren 15era. Erakusketaren bitartez, kartelak komunikaziorako lortu zuen eraginkortasunaz jabetuko gara, erakarpen-ahalmen handiagatik, eta artearen eta mezuaren artean sortu zen aparteko sinbiosiari esker. Uztarketa horren emaitza kartel moderno eta abangoardisten ekoizpena izan zen, eta publizitateko amu bikain bihurtu ziren. Hainbat diziplinatako 90 artista inguru bildu ditugu erakusketa honetan; haiei zor diegu gaur egun ondare honetaz gozatzeko aukera izatea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide