Erabaki dira 51. Azkoitiko Txikito Pilota Txapelketaren txapeldunak

Nerea Uranga 2023ko uzt. 1a, 12:56

Inoizko parte hartzerik handiena izan du 51. Azkoitiko txikito Pilota Txapelketak. Guztira, 70 partida jokatu dituzte, parte hartu duten 66 pilotariek. Gaur goizean jokatu dituzte finalak Gurea pilotalekuan.

Gaur, zapatua, jokatu dituzte 51. Azkoitiko Txikito pilota txapelketaren finalak, Gurea pilotalekuan. 10:00etan hasita, benjamin aurrekoetako, benjaminetako, kimuetako eta haurren mailako binakako lau final jokatu dituzte. Aurten, inoizko parte hartzerik handiena izan du txapelketak, Oteiza pilota elkarteak adierazi duenez; 66 pilotarik parte hartu dute eta 70 partida jokatu dituzte, guztira.

Txapelketako zortzi bikote onenek jokatu dituzte gaur goizean finalak, eta txapelketaren irabazleak erabakita gelditu dira:

- Benjamin aurrekoetan (2015ean jaiotakoak), Intza Orozko eta Haize Aramendi izan dira txapeldunak, Nahia Astigarragari eta Julen Oteizari 16 eta 14 irabazita.

- Benjamin mailan (2013 eta 2014 urteetan jaiotakoak), Ekain Aramendik eta Jon Azpiazuk 16 eta 13 irabazi dute, Oihan Camposen eta Eddy Romeroren kontra.

- Kimuen mailan (2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak),  Zuhaitz Vela eta Ekain Juaristi  izan dira irabazleak, Denis Santosi eta Aratz Orozkori 16 eta 14 gailenduta.

- Haurren mailan, berriz, 18 eta 13 irabazi dute finala Unax Irulegik eta Erik Ariztegik Alex Espadaren eta Pello Alkortaren kontra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide