Fran Garagarza, Bartzelonako Espanyol taldeko kirol zuzendari berria

Andoni Elduaien 2023ko eka. 26a, 13:08

Fran Garagarza, Eibarren ari zeneko argazki batean. (SD Eibar)

Datozen bi denboraldietarako akordioa sinatu du Fran Garagarzak Kataluniako futbol klubarekin, Espanyol taldeko kirol zuzendaria izan dadin. Dena den, kontratua beste bi urtez luza dezake hark, zehaztu ez dituzten zenbait kirol helburu betez gero.

Fran Garagarza Bartzelonako Espanyol taldeko kirol zuzendari berria da. Kataluniako futbol taldeak iragarri berri duenez, Azkoitiko bizilagunak datozen bi denboraldietarako akordioa sinatu du klubarekin, Espanyol taldeko kirol zuzendaria izan dadin. Dena den, kontratua beste bi urtez luza dezake hark, zehaztu ez dituzten zenbait kirol helburu betez gero.

Espainiako Bigarren Mailara jaitsi berri den futbol klubaren erronka berria bere gain hartu du, beraz, Garagarzak. Ingalaterrako Wolverhampton Wanderers taldean aholkulari tekniko lanak egin ditu amaitu berri den denboraldian, Julen Lopetegui entrenatzaile asteasuarrarekin batera. Hango lanak utzi, eta Espanyolek egindako eskaintza onartzea erabaki du hark orain.

Ingalaterrara joan aurretik, hamalau denboraldiz lan egin zuen Garagarzak Eibar taldean, horietatik hamar sasoitan kirol zuzendari bezala. Espanyolek adierazi du Garagarzak Eibar "eredu" bihurtu zuela haren "fitxaketa politika egokiagatik, non kudeaketa onak klubaren errebalorizazioa eta profesionalizazioa" ekarri zituen. Era berean, Espanyolek nabarmendu du "Garagarza profesional egokia" dela kirol proiektu berri bat gidatuz Espanyol taldea "Espainiako futbolaren maila gorenera" berriro itzul dadin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide