Xakea izan da gaur goizeko protagonista Kontzejupean. Izan ere, 10:00etan hasita, Anaitasuna Kakute taldeak antolatutako 41. Azkoitia Hiria txapelketa jokatzen ari dira, Joxe Azkueren omenezko hamabigarrena. Suitzar erako txapelketa jokatu dute beste behin: bost minutuko 11 txanda jokatu behar izan dituzte parte hartzaileek, eta talde guztietan onena Santurtzi izan da, Anaitasuna Kakuteren eta Grosen aurretik.
Anaitasuna-Kakuteko sei taldek parte hartu dute lehian; horietako bi emakumeek osatutakoak. Guztira, berriz, hemeretzi taldek parte hartu dute txapelketan: Azkoitiko Anaitasuna Kakute, Hondarribiko (Gipuzkoa) Marlaxka, Donostiako Gros xake taldea, Beasaingo (Gipuzkoa) Alfil, Billabona, Eibar, Elorrioko (Bizkaia) Zaldi Baltza, Lekeitioko (Bizkaia) Jokin Erdotzia, Barakaldo (Bizkaia), Zornotza (Bizkaia), Santurtzi (Bizkaia), Berako (Nafarroa) Beraun, Gasteizko Martintxo eta Kantabriako (Espainia) Liendo taldea.
Gaurko txapelketa zuzentzen Mikel Almansa nazioarteko epailea aritu da, eta sari banaketa ekitaldian parte hartu du Cesar Montolio Gipuzkoako Xake Federazioaren presidenteak. Urtero bezala, halaber, Joxe Azkue taldekide zenari omenaldi txiki bat egin diote.
(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta Anaitasuna Kakute)