Goilurrak proba bihar goizean iritsiko da Azkoitira

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 16a, 17:05

Bihar goizean, 10:00etatik aurrera, herriko plazatik pasatuko dira Rallyan parte hartuko duten auto guztiak, baina aurten ez dute geldialdirik egingo.

Guztira 443 kilometro, hamaika erlojupeko, 125,5 kilometro erlojuaren aurka, bi egun eta hamahiru ordu eta erdiko gidaritza ikuskizuna. Zenbakietan hazten segitzen du Goilurrak Rallyak. Gaur eta bihar jokatuko dute bosgarren edizioa. Iaz handia antolatu bazuten Ikullu Racing eta Errebueltie eskuderiek, aurten denera 41 kilometro gehiago eta erlojupean 10 kilometro gehiago egin beharko dituzte gidariek.

Gaur Lazkaon hasiko da automobilismoaren festa. 17:00etatik aurrera, lehiaketarako izena emanda dauden autoen egiaztapenak egingo dituzte, plazan. Atzora arte 68 zeuden, eta gaur itxiko dute epea. Dena dela, gaurkoa, Lazkao eta Olaberria artean jokatuko duten zatia, hasiera besterik ez da izango; egun potoloa biharkoa izango baita. Hain zuzen ere, hamar erlojupeko zati jokatuko dituzte bihar, Goierriko, Urolako eta inguruko errepideetan, 07:30ean hasita.

Bihar goizerako lau zati programatu dituzte. Lehena eta hirugarrena Bergaratik abiatuko dira, Elosu auzoa igaro, eta Azkoitian bukatuko dira. Bigarren eta laugarren zatiak, berriz, Zestoan hasiko dituzte, Endoiara igo, eta Madariaga gainean bukatuko dituzte. Zumarragan bat egingo dute eguerdian partaide guztiek, eta arratsaldea erabakigarria suertatuko da; Legazpi-Gabiria-Ormaiztegi-Mutiloa, eta Zerain-Zegama bideak hiruna aldiz igaroko dituzte partaideek.

Rallyan erabiliko dituzten errepideak erabat itxiko dituzte zirkulazioarentzat. Dena dela, inguruetako baserritarrek etxetik atera edo etxera sartzeko arazoak izanez gero, eskura dute antolatzaileen telefonoa, eta haiekin harremanetan jartzea besterik ez dute izango.

Azkoitian geldialdirik ez

Aurten, baina, proban parte hartuko duten autoek ez dute geldialdirik egingo Azkoitian. "10:00etatik 11:30era bitartean Azkoitiko plazatik pasatuko dira auto guztiak, baina ez dute geldialdirik egingo eta beste edizio batzuetan egin izan dugun aurkezpenik-eta ez dugu egingo aurten", azaldu du Jon Zubiaurre Apitte antolatzaileak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide