Mikel Barquerok Anaitasuna zuzentzen jarraituko du

Andoni Elduaien 2023ko eka. 16a, 15:05

Urdapilleta presidentea eta Barquero entrenatzailea. (Anaitasuna)

Entrenatzaile azkoitiarrak emakumeen lehen taldea zuzentzen jarraituko du Barquerok beste urte batez. Euskal Ligan arituko da datorren sasoian ere Anaitasuna.

Anaitasuna futbol taldeak sare sozialetan jakinarazi duenez, Mikel Barquero entrenatzaileak beste urtebetez jarraituko du Anaitasuna zuzentzen. Barquerok emakumeen lehen taldea entrenatu du lehen aldiz azken denboraldian, eta Euskal Ligaren erdialdean amaitu dute sasoia.

Kontratu luzapenaren berri emateko atera duten argazkian Pedro Urdapilleta presidentea izan du alboan entrenatzaileak. Datorren denboraldian ere Euskal Ligan arituko da Anaitasuna.

Gorrien Eguna, bihar

Bestalde, bihar, zapatua, Anaitasuna futbol taldeak Gorrien Eguna ospatuko du. 12:00etan, meza egingo dute Andre Mariaren Jasokundeko parrokian Anaitasunaren bueltan ibilitako kideen oroimenez. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute Joseba jatetxean.

Ohi bezala, azken denboraldian talde bakoitzean nabarmendu den jokalaria eta gol gehiena sartu dituen taldekia sarituko dituzte. Guztira, 27 oroigarri banatuko dituzte han. Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, omenaldietarako tartea ere izango da han.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide