Maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ondoren agerraldi publikorik egin gabe zegoen Azkoitiko EAJ, eta gaur, asteazkena, prentsaren aurrean agertu da azken egunetan alderdien artean izaten ari diren bileren eta prozesuaren berri emateko. EAJk azaldu du "lauko gobernu baten alde" egin duela, baina EH Bilduk uko egin diola era horretako gobernuan sartzeari. Horren aurrean, Ana Azkoitia EAJren alkategaiak jakinarazi du Azkoitia Bai herri plataformari akordiorako proposamena helarazi diola.
Atzo, asteartea, bildu ziren EAJko eta Azkoitia Baiko ordezkariak, eta bilera horretan "proposamenak trukatu" zituzten. "Oinarri sendoak ikusten ditugu akordiorako. Prest gaude bide hori jorratzeko. Argi daukagu agintaldi honetan hitz egiten eta adostasunak bilatzen jarraitu beharko dugula, eta hor badugu esperantzarako arrazoirik". EAJ "programa adosteko prest" agertu da, betiere batzen dituzten proiektuekin "aurrera" eginez. "Ahalik eta akordio eskuzabalena da proposatu duguna. Gure aldetik eskatu dena da alkatetza zerrenda bozkatuenak izan dezan errespetatzea". Azkoitia Bai herri plataformari Gizarte Zerbitzuak eta Ingurumen sailak eskaini dizkio EAJk, "gai horietan herritarren gehiengoak nahi duen aterabidea" emateko. Bestalde, aurrekontu parte hartzaileak "adosteko prest" agertu dira.
Hala eta guztiz ere, EAJk adierazi du akordio proposamen hori "beste alderdietara zabal" daitekeela. Halaber, Azkoitiak gehitu du EH Bildurekin ez direla "ardurak lantzeraino" iritsi; izan ere, zerrendaburuaren arabera, ekainaren 6an EH Bilduk EAJri jakinarazi zion uko egingo ziola lauko gobernuan parte hartzeari. "Lehen bilera egin eta berehala azaldu ziguten ez zirela lauko gobernu batean sartuko. Halere, garaiz gaude, eta guk azken unera arte lau alderdion baturaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu"; izan ere, azken egunotan PSE-EEko ordezkariekin ere bildu dira alderdi jeltzaleko kideak. "Azken agintaldian EAJk PSE-EErekin osatu du Udal Gobernua, eta azken unera arte defendatuko dugun gobernu ireki horretan PSE-EEk ere bat egitea nahiko genuke".
Azkoitiak gaineratu du, lau alderdien programetan bat egiten duten proiektuen eta desadostasunen azterketa egin dutela, eta "akordio programatikoa guztiz bideragarria" ikusten dute. EAJren iritziz, Azkoitia Baik bi gai konkretutan hartu du "lidergoa", eta bi gai horien leloak "eolikorik ez" eta "egoitza kalera" izan dira. "Helburu horiek bere egin ditu eta uste dugu hauteskundeetan izan duen gorakada bi gai horiengatik izan dela".
Hauteskunde programetako hainbat puntutan "bat" egiten dutela uste du EAJren zerrendaburuak, eta horiek "aurrera elkarrekin" ateratzea eskatu du hark. Bestalde, bat egiten ez duten kontuetan adostasunak "lidergoak banatuta" lortzen saiatzea eskatu du hark. "Alderdi guztiok dugu erantzukizuna herriaren aurrean. Guztiok. Ezin ditugu lau urte galdu, ez garelako gai izan gobernu sendoa eratzeko". Alderdi jeltzalearen alkategaiak nabarmendu du zapatuko kargu hartze ekitaldira arte "gobernu ireki baten aldeko saiakera egiten" segituko dutela, betiere "EAJ alkatetzan" dela.
Honako hau da EAJk Azkoitia Bairi egindako akordio programatikoak jasotzen duena:
- Lauko gobernua eratzearekin aurrera jarraitzen du EAJk.
- Alkatetza: zerrenda bozkatuena errespetatzea eskatu du EAJk.
- Liberazioak eta soldatak adosteko prest agertu da EAJ.
- Batzordeak: bost batzordeko antolamendua.
- Batzorde osaketa eta udal ordezkaritza beste udal organoetan adosteko prest.
- Programan batzen dituzten proiektuekin aurrera egiteko prest.
- Azkoitia Bairi Gizarte Zerbitzuak eta Ingurumen Sailak eskaini dizkio.
Emaitzak, hausnarketarako
Hauteskunde gauean azpimarratu bezala, Azkoitiak gaur berretsi du "adostasunen eta akordioen agintaldia" izango dela datorrena. "Akordio zabalen eta irekien alde egin dugu hasieratik, eta eskuzabaltasunez aztertu dugu arduren banaketa, hurrengo agintaldian alderdi guztiok izan ditzagun hitza, ikusgarritasuna eta erabakitzeko ahalmena". Hori esanda, Azkoitiak azaldu du "alderdi guztiei hiru esparru horiek bermatzeko proposamena" aurkeztu dutela.
Orain arte adierazpen publikorik egin ez badute, "akordio prozesuek diskrezio bat merezi" dutelako izen dela adierazi dute. Azkoitiaren arabera, ekainaren 1eko lehen bilerara EAJk lauko gobernu bat eratzeko planteamenduaren nondik norakoak "nahikoa definituta" eraman zituen. Jakina denez, Azkoitia Bai ere lau alderdiren arteko akordioaren alde agertu da.
2019ko udal hauteskundeekin alderatuta, "beherakada" izan du EAJk, eta "hausnarketara" nahiz "autokritika egitera" eraman dituztela azaldu du Azkoitia alkategaiak. "Abstentzioak eragina izan du, eta lehen EAJri bozkatu arren, oraingoan beste hautu bat egin duten herritarrak daude. Horrek agerian utzi du EAJrekiko nahigabea".