Maiatzaren 28ko udal bozak pasatu eta ia hiru astera, gaur, zapatua, izango dira udalbatza berriak osatzeko kargu hartze ekitaldiak. Azkoitian 12:00etan hartuko dituzte karguak 2023-2027 agintaldian Azkoitiko udalbatza osatuko duten hautetsiek, udaletxeko bilkura areto nagusian.
Hitzorduari ekiteko ordu gutxi batzuk gelditzen badira ere, Azkoitian oraindik guztia airean dago; izan ere, Azkoitia Baik ostegunean jakinarazi zuen gaurko ekitaldian herri plataformak bere aldeko botoa emango duela. Hori horrela, bi hautagaik dute agintaldi berrian alkate izateko aukera: Ana Azkoitiak (EAJ) eta Jose Joakin Etxanizek (Azkoitia Bai). Herri plataformak historian lehen aldiz herriko alkatetza hartzeko, ordea, EH Bilduko sei ordezkarien botoak jaso beharko ditu. Dena den, koalizioak gaur eguerdian argituko du bere botoa.
Agintaldi berriari hasiera emango dion ez ohiko udalbatzarra izango da gaurkoa. Aurrena, hautetsi zaharrenak eta gazteenak Adin-Mahaia eratuko dute; Marijose Arregik (EAJ) eta Nagore Orbeak (EH Bildu) osatuko dute mahai hori. Gero, hautetsien kredentzialak eta aitorpenak egiaztatuko dituzte, eta segidan, korporatiboen jabetza hartuko dute guztiek. Urrats horiek guztiak egindakoan hautatuko dute herriko alkate berria. Bozketa bakarra egingo dute, eta hor inork ez badu lortzen gehiengo osorik –bederatzi boto behar dira Azkoitian gehiengo osoa lortzeko–, zuzenean zerrenda bozkatueneko hautagaia izendatuko dute alkate: Ana Azkoitia EAJren zerrendaburua.
Aldaketak, zinegotzietan
Azkoitian EAJk irabazi zituen hauteskundeak, eta EH Bildu izan zen bigarren alderdi bozkatuena, biek zinegotzi bana galduta –zazpi eta sei zinegotzi izango dituzte, hurrenez hurren–. Hori horrela, agortzear den agintaldiarekin alderatuta, Azkoitiko udalbatzaren argazki orokorrak aldaketa esanguratsu bat izango du. EAJk eta EH Bilduk zinegotzi bana galtzeaz gain, Azkoitia Bai herri plataforma laugarren indarra izatetik hirugarrena izatera igaro da, eta udalbatzan zinegotzi bat izatetik hiru ordezkari edukitzera pasatuko da. Bestalde, PSE-EEk bere ordezkariari eutsiko dio.
Zinegotzietan, baina, aldaketak izango dira lautik hiru alderditan; izan ere, 2019-2023 urteen artean udal hautetsi izan diren zenbait kidek ez dute karguan segituko datorren agintaldian. Honako hauek utziko dute udaleko jarduna: EAJko Javier Zubizarreta jarduneko alkateak zein Angel Martinek eta EH Bilduko Mikel Zengotitak, Ane Miren Peñak, Laida Beristainek, Itziar Joaristik nahiz Angel Etxeberriak.
Horrenbestez, hainbat hautetsi berri izango dira hurrengo agintaldian Azkoitiko Udaleko ordezkari. EAJ ordezkatuko du lehen aldiz Igor Isuskizak; EH Bilduko zinegotzi kargua hartuko dute Asier Altunak, Itziar Larrañagak, Jon Bastarrikak eta Nagore Orbeak, eta Azkoitia Bai herri plataformaren ordezkariak izango dira Nerea Machado eta Janire Astigarraga.
Honako herritar hauek osatuko dute udalbatza berria: