Azkoitiko Udalak aste honetan hasi ditu San Juango futbol zelaia berritzeko lanak. Maiatzean iragarri bezala, belar artifizialak berrituko du han, egungoa "hondatuta" dagoelako.
Arto-buruez ekoitzitako material organikoarekin beteko dute zelaia, mikroplastikoa saihesteko. Belar azpiko oinarria polietilenozkoa izango da, material beraren hondakinetatik eratorria: "Beraz, ez du elementu kutsatzailerik izango". Era berean, belar azpiko oinarria drainatzailea eta elastikoa izango da, "erorikoak leuntzeko" asmoz.
Behin zelaia berritu ostean beste hainbat esku-hartze egingo dituzte haren kalitatea "ahalik eta altuena" izan dadin. Hain zuzen, "entseguak" egingo dituzte erabilitako belarraren, betegarriaren zein oinarri elastikoaren kalitatea probatzeko FIFA Quality Pro ziurtagiriaren eskakizunen arabera, eta FIFAk egiaztatutako laborategi baten eskutik.
Horrez gain, zoruaren berdintze lanak ere egingo ditu udalak, ur irteerak hobetzeko. Era berean, aulkiak eta markagailua berrituko da. Lanek 358.212 euroko aurrekontua dute, BEZa barne.